Burkina Faso eta Attiko, futbol 7ko txapelketaren finalean
Legazpiko Futbol 7ko VI. Herri Txapelketako finalak jokatuko dituzte etzi. Legazpiko Gazteak kirol elkarteak antolatutako ekimena da, urtero arrakastaz burutzen dena. Aurten 35 taldek hartu dute parte txapelketan, antolatzaileek esan dutenaren arabera, «inoiz baino talde gehiagok». Karibe Berria eta Urtatza Racing taldeek 3. eta 4. postuengatik jokatuko dute finala 12:00etan. Lehenengo postuak erabakiko dituen final handia, arratsaldean jokatuko dute, 17:00etan Burkina Fasok eta Attikok.
Attiko taldeko Iosu Saenz de Nanclaresek esan duenez, «ez genuen finalera iritsiko ginenik espero». Txapelketan parte hartzen ari den talde beteranoenetakoa da, «bi talde elkartu gara aurten, izan ere gero eta zailagoa da zazpi lagun batzea», dio. Aurkari askoren maila eurena baino hobea dela ere aitortu du, «askok Ilintxan jokatzen dute», eta zelaian hori nabaritzen da. Taldearen helburua txapelketan parte hartuz ondo pasatzea dela azaldu du, «lagunekin elkartu eta kirola egiteko» aitzakia da Attikoko kideentzat txapelketa.
Urtero hartu dute parte txapelketan Attikoko kideek, «nahiz eta talde ezberdinetan aritu». Aurtengoa lehenengo finala izango da beraientzat eta horregatik «finalera irabazteko helburuarekin» zelairatuko direla aurreratu du. Zaila ikusten du Saenz de Nanclaresek lehenengo postuan amaitzea, Burkina Fasokoen maila eurena baino hobea delako. Izan ere, «urtero lehenengo lau onenen artean amaitu dute txapelketa», dio.
Burkina Faso taldeko Mikel Imazek ere, ez du erraza ikusten finaleko partida. «Aurtengoa, gure talderik ahulena da, bi jokalari garrantzitsuk taldea utzi baitute», aitortu du. Txapelketan, dena den, uste zutena baina maila hobean ibili direla esan du. «Hasierako zozketan talderik zailena tokatu zitzaigun aurkari, baina irabazi egin genuen. Unerik garrantzitsuenetan zortea lagun izan dugu».
Final parekatua izango da
Attikoko taldeari dagokionez, sorpresa eman dezakeela uste du Imazek, «askok faboritoak gu izan gaitezkeela uste dezakeen arren, nik ez ditut gauzak horren argi», esan du. Bi taldeek ondo pasatzea izango dute helburu etzi, baina behin finalera iritsita irabazteko asmoz zelairatuko direla aitortu dute. Txapelketaren inguruan herrian «lehia sanoa» sortzen dela eta, giro polita egoten da, batez ere, finalaren egunean. Bikuña futbol zelaia zaletu askoz betetzen da, eta ez da jai girorik falta izaten. Partida eta partida artean, herri bazkaria ere egingo dute Euskal Herria plazan. Bi taldeak bazkarira joatekoak dira, «pixka bat zaindu» beharko diren arren.
Dena den, gaua aprobetxatuko dute parrandarako, «irabazi ala ez irabazi ospatuko dugu nola edo ala», dio Saenz de Nanclaresek. Izan ere txapelketa, kirola egiteaz gainera, jai giroan ibiltzeko ere aitzakia da legazpiar askorentzat.