Atez atekoa hasia den herrien eredua proposatu du Sasietak Lazkaorako, partaidetza prozesuan zehar erabakitzeko
Goierrin atez ateko gaikako bilketa mota jarrita dagoen Itsasondo, Zaldibia eta Legorretako eredu bera proposatu du Sasieta Mankomunitateak Lazkaorako ere. Asteko egun bakoitzean gai jakin bat bilduko lukete, aurrez finkatutako egutegiaren eta ordutegiaren arabera. Lau hondakin mota jasoko lirateke horrela: ontziak eta plastikoak, papera eta kartoia, organikoa eta errefusa. Kaleko edukiontzietan utzi beharko lirateke besteak, gaur egun bezala: beira, pilak, olioa eta arropa.
Eredu horixe proposatu du Sasietak, Spora aholkularitza enprsearen azterketan oinarrituta. Astearte arratsaldean aurkeztu zuten udalak eta Sasietak gaikako bilketa sistema berria, Areria antzokia jendez beteta zela. Hondakinen arazoaren berri orokorrean eman zuten. Lazkaon bereizita jasoko den hondakin kopurua %37tik «%73-80 bitartera» igotzea dela helburua azaldu zuen Azeari Andonegi alkateak.
Gaur egungo bilketa sistemarekin —bost edukiontzi, organikoarena txip elektronikoarekin—, organikoaren edukiontzia %38k soilik erabiltzen du. «1.834 familia daude herrigunean; horietatik 1.110ek dute giltza (%55ek), baina 740k bakarrik erabiltzen dute». Hala, urtean 2.304 tona zabor joaten dira Lazkaotik zabortegira. Tona bakoitzak 150 euroko kostua du (2002an 20 euro zen).
Birziklatze tasa hazteko sistema egokiena atez atekoa dela berretsi zuen alkateak. Gaur egun, Lazkaon 6.141 metro kubo hondakin sortzen da, bolumenez; plazako frontoiaren edukiera ia osoa. Atez aterekin, %73 bereiztuta, urtean 1.956 metro kubo geratuko liratekeela kalkulatu du.
Spora enpresaren aldetik, Lide Aristegi teknikariak Lazkaoko etxe bateko hondakinen tipologia zein den azaldu zuen: %10 organikoa, ontziak %4, papera %10, beira %7, besterik —olio, pila, tresnak…— %6, eta errefusa (nahasian botatzen dena) %63. Birziklagarria hondakin guztien %90 dela dio Sasietak.
Bileretarako proposamena
Lau gai bereizteko bost ontzi banatuko lituzkete etxeetara. Etxe multzoan erabakiz gero, paperarena komunitarioa izan liteke; eta herri guztiak hala nahi izanez gero, ontziena poltsen bidez.
Bilketa egunei dagokienez, organikoa hiru egunetan jasoko litzateke (astelehena, osteguna eta larunbata); ontziak bitan (asteazkena eta igandea), papera ostiraletan) eta errefusa astearteetan. Pixoihalak, pardelak, konpresak eta osasungintzako hondakinak, egunero, beste poltsa batean.
Zehaztasunak bileretan erabakiko dituzte, bi asteotan.