Ormaiztegiko Udalak balkoirik ederrenen jabeak saritu ditu
Ormaiztegiko Udalak Ormaiztegi Lorez sariketa antolatu du aurten ere. Lau sari banatu dituzte. Baserritarren artean, Sastiberri Azpiko baserriko Juakina Urkiola izan da saritua. Herrigunean bizi diren ormaiztegiarrei dagokienez, Alazne Aldalurrek (Gabirialde, 2.-1.B), Mari Karmen Etxeberriak (Gabirialde, 1) eta Mari Jose Sukiak (Muxika egurastokia, 2-1. eskuina) jaso dituzte sariak.
Guztiek diploma bat, 50 euro eta grabatutako pala bat jaso dituzte. Epaile lana Altzibar Lorezaintza enpresakoek egin dute.
Sarituei dagokienez, guztiak oso gustura agertu dira. Sukiak, adibidez, iaz jarritako huntzarekin irabazi du saria. «Oso urte txarra izan da eta lauok iaz jarritako loreekin irabazi dugu. Aurtengoek ez dute indarra hartzeko astirik izan», aipatu du.