Ordiziako Bilduko kideak prentsaurrean.
Ordizian pasa den asteburuan izandako herri galdeketaren ondoren, Ordiziako Bilduko kideek kontsultarena “oso tresna serioa” dela eta “errespetua zor zaiola” aldarrikatu dute. EAJ eta PSEri galdeketa “arma politiko bezala” erabili izana egotzi die gaur arratsaldean prentsaurrean egindako agerraldian. “Hondakinen arazoa konpontzeko baino, gehiago korapilatzeko erabili nahi izan da galdeketa hau”, esan du Erramun Amundarain Bilduko kideak.
Bildukoen iritziz ordiziarrek atez atekoari aukera bat eman nahi diotela “argi geratu da” azken asteetan egin diren parte hartze prozesu eta galdeketan. Galdeketan parte hartu dutenen iritzia kontuan hartu behar dela defendatu du koalizioko kideak. Hala ere, erroldatutako 7.971 bizilagunetatik, bozkatzera 2.488 joan zirela eta, ondorioz, 5.483 ez zirela joan nabarmendu nahi izan du.
EAJ eta PSEri “demokraziaren urrezko araua” puskatu izana leporatu die Amundarainek: “persona bat-boto bat legea lotsagabeki apurtu dute”, esan du.
Belen Maiza Bilduko zinegotziak, bestalde, galdeketaren emaitzak “puztu” egin dituztela salatu du. “Zergatik eman dute zentsuaren araberako ehunekoa, baldin eta zentsatuta ez dagoen ehunka pertsonari bozkatzeko aukera eman bazaio, eta hainbatek bozkatu badute?”, galdetu du. Antolatzaileek parte hartzea %40an kokatu arren, “botoa eman zezaketen guztiak eta besteen izenean emandako botoa kontuan hartuz” parte hartzea %35ekoa izan dela dio; besteen izenean emandako botorik gabe, “%31,21 baino ez”.
Maizak azaldu duenez “datu faltsuekin jokatzea eta atez atekoaren aurkako manipulazio mediatikoa izan da EAJ eta PSEren apustua. Medio publiko eta pribatu nagusiak bere alde izanda ere, ez dute beraien helburua lortu. Intoxikazio kanpainak ere porrot egin du”. Horregatik, EAJ eta PSE alderdiei “hondakinen konponbideari heltzera” dei egin die.