Santa Isabel zaindariaren eguna ospatzen ari dira gaur Zumarragan, eta tradizioari jarraituz, Antiora igo dira herritarrak, txistulariak eta udal agintariak buru dituztela. Hamarretakoaren ondoren, ermitaren barruan ezpatadantza egin dute dantzariek. Mezaren ondoren, herri bazkaria eta erromeria egin dituzte.
Orain urte eta erdi abiatu zen Goierriko ESI, Erakunde Sanitario Integratua, eskualdeko Osasun zerbitzu guztien kudeaketaren buru da Elena Baylin (Orio, 1959). Zumarragako Ospitaleko kudeatzailea dela esaten diote oraindik ere, baina berak ESIa aldarrikatzen du zerbitzuen integrazioan egiten ari diren lana azpimarratuz. Lehenengo arretatik ospitaleko arreta espezializatura dauden zerbitzuen arteko elkarlana bultzatu nahian dabiltza. Helburua, sinergiak baliatuta baliabideei ahalik eta etekin handiena ateratzea da.
Asteburu honetan festa giroa nagusi izan da Goierrin. Zumarragan ez ezik, Mutiloan eta Ataungo, Beasaingo, Ezkio-Itsasoko eta Ordiziako hainbat auzotan ospatu dituzte jaiak. Gainera, Ordiziako errugbi taldeak garagardo festa egin du.
Egun handia dute gaur Ataungo Aia auzoan. Aurtengo jaietako azkeneko jardunaldia da, baina estimatuenetakoa, agian. Santa Ixabel eguna dute, eta goizetik auzotar mordoxka bat eguna ospatzen ari da, aste eguna izan arren. Goizean, meza ondoren, hamaiketakoa egin dute aiarrek plazan. Santi eta Katxo trikitilarien musikak eta Aitor Sarriegi eta Iban Urdangarinen bertsoek alaitu dute eguartea.
Urretxuko Udala herritarrengana hurbiltzeko prozesu bat garatzen ari da. Bide horretan, herritarrekin udaleko eta herriko gaiez hitz egiteko mahaiak sortu dituzte, aurrekontuak osatzerakoan 165 urretxuarren ekarpenak jaso dituzte eta web gune bat ere sortu dute herritarrei udaleko proiektuen berri emateko.