Cortaderia Selloana bila
Izenez ezezaguna bada ere, bere itxura bereziagatik oso ezaguna da Cortaderia Selloana landarea. Azkenaldian gero eta gehiago ikusten da. Batez ere jabego pribatuetan dago landare hori. Pampako plumeroa bezala ezagutzen da Cortaderia Selloana eta Hegoamerikan du jatorria.
Goiekik Cortaderia Selloanaren kontrako kanpaina jarri du martxan. «Orokorki herritarrek ez dakite espezie horiek inbaditzaileak direla, eta kasu batzuetan politak direla esaten dute», dio Goiekiko Iker Azurmendik. Aurten eremu pribatuetan aurkitzen diren aleen aurka zabaldu dute kanpaina, baina badira bi urte ibai ertzetan aurkitzen zirenen aurka lan egiten ari direla. «Garatzen ari garen lanak nagusiki ibai ertzetan dauden flora inbaditzaileetara mugatu dugu, baina ibaiez kanpo aurkitu diren ale solteak ere tratatu ditugu», gaineratu du.
Apaingarri arrriskutsua
Dena den, Cortaderia Selloanaz gain, badira beste hiru landare inbaditzaile arriskutsu: Fallopia japonica, Helianthus tuberosus eta Buddleja davidii. Asian eta Hego Amerikan dute jatorria. XIX. eta XX. mendeetan lorategietako apaingarri gisa barneratu ziren Europara, baina gaur egun «naturan zabaltzen ari da ingurumenean arazo ezberdin eta konplexuak sortuz». Cortaderia Selloanaren kasuan aipagarria da kostaldeko «errepideetan ikusten den egoera, Santandertik Iparralderaino errepideetako maldak Cortaderiaz beteta aurkitzen ditugu».
Goierrin oraindik ez da gehiegi zabaldu Cortaderia Selloana landarea, nahiz eta leku batzuetan paisaia erabat aldatu duen landare honek. «Goierrin oraindik garaiz gabiltza», dio Azurmendik. «Eremu eraldatuetan oso erraz zabaltzen dira. Horrela, obrak eta lur mugimenduak egiten diren lekuetan erraz hazten dira. Horregatik oso garrantzitsua da eremuan baso edo baso aurreko flora aberatsa izatea, kasu horietan ez baitira zabaltzen, beraiek hartuko luketen beste espezie batzuk okupatzen baitute», gaineratu du.
Lehiakortasun ahalmena
Cortaderia Selloanak sortzen duen arazo azpimarragarriena landare eta zuhaitz gazteekin ura eta elikagaiak eskuratzeko duen lehiakortasun ahalmena da. «Kasu askotan jatorrizko espezien finkapena eragotzi eta horien hazkundea garatzea lortzen dute, eta paisaiaren kalitatea nabarmen eraldatzen dute».
Cortaderia Selloanaren aurka egiteko bi metodologia erabiltzen ditu Goiekik: aleak moztu eta herbizida aplikatu, edo sustraitik kentzea. «Guk biak erabiltzen ditugu, tamaina txikiko aleak sustraitik kentzen ditugu eta handiak diren kasuetan moztu eta aste batzuetara herbizida aplikatzen diegu».
Ordezko landareak
Erradikazio lanen ondoren, «ibar-basoko habitaten errestaurazio eta etorkizuneko kolonizazio berrien aurkako prebentzio mekanismo bezala», bertako zuhaitzen eta zuhaixken landaketak egiten dituzte: erromeroa, tomilloa, sagarmina, makatza, astigar arrunta, urkia, pagoa…
Cortaderia Selloana landarea duenak eta kendu nahi duenak, Goiekirekin harremanetan jartzea gomendatzen du Azurmendik (943 16 0040 telefonora deituz edo iazurmendi.goieki@goierri.org helbide elektronikora idatziz). Goieki arduratuko da beste landare batzuekin ordezkatzeaz.