«Osasun zerbitzuen kate-maila guztiak lotzea da sistemaren helburua»
Orain urte eta erdi abiatu zen Goierriko ESI, Erakunde Sanitario Integratua, eskualdeko Osasun zerbitzu guztien kudeaketaren buru da Elena Baylin (Orio, 1959). Zumarragako Ospitaleko kudeatzailea dela esaten diote oraindik ere, baina berak ESIa aldarrikatzen du zerbitzuen integrazioan egiten ari diren lana azpimarratuz. Lehenengo arretatik ospitaleko arreta espezializatura dauden zerbitzuen arteko elkarlana bultzatu nahian dabiltza. Helburua, sinergiak baliatuta baliabideei ahalik eta etekin handiena ateratzea da.
Orain urte eta erdi abiatu zen Goierriko ESI, Erakunde Sanitario Integratua, eskualdeko Osasun zerbitzu guztien kudeaketaren buru da Elena Baylin (Orio, 1959). Zumarragako Ospitaleko kudeatzailea dela esaten diote oraindik ere, baina berak ESIa aldarrikatzen du zerbitzuen integrazioan egiten ari diren lana azpimarratuz. Lehenengo arretatik ospitaleko arreta espezializatura dauden zerbitzuen arteko elkarlana bultzatu nahian dabiltza. Helburua, sinergiak baliatuta baliabideei ahalik eta etekin handiena ateratzea da. Gainera, herritarren artean zerbitzu horiek erabiltzeko filosofia berritzailea hedatu nahi dute.
Zein da Erakunde Sanitario Integratuaren bizkar hezurra?
Erakundeak egitura bakarra du, eta egitura horren buruan dagoen kudeatzaile lantaldeak osasun prozesu osoaren zaintza eta jarraipena egiten du. Egitura horrek, finean, osasun arreta integratzea du helburu: lehenengo arretako profesionalak, ospitaleko espezialistak, osasun publikoa eta esparru soziosanitarioa. Zerbitzuen integrazio hau orain urte eta erdi jarri genuen martxan, ordura arte, profesionalok prozesuari eraginkortasuna murrizten zion arraila zabala antzematen genuen; eten hori desagertarazi nahi dugu ESIarekin. Indar berezia ipintzen ari gara profesional guztiek pazienteen datu berak eskura izan ditzaten.
Arreta zerbitzuen integrazioaren adibideren bat emango al zenuke?
Lunbalgiaren ibilbidea martxan jarri dugu, esate baterako. Ibilbide horretan hainbat profesionalek laguntzen diote pazienteari: familia-medikuak, traumatologoak, erreumatologoak eta errehabilitazioko arduradunak. Pazienteari nondik nora joan behar duen argitzen diote, eta zein urratsetan bisitatu behar duen profesional bakoitza. Askotan, bizkarreko mina daukagu eta ez dakigu nora jo. Hauxe da integrazioan lan egitea, prozesua askoz ere eraginkorragoa da. Antzeko ibilbideak osatu ditugu prozesu kroniko ohikoenetan: bronkitisa, bihotz-gutxiegitasuna, diabetea eta zainketa aringarriak, besteak beste.
Zer da sistema berriarekin pazienteari eskatzen diozuena?
Konfiantza. Pazienteari dagokionez, zerbitzuen integrazioaren helburu nagusia konfiantza sortzea da. Azken 40 urteetan osasun zerbitzuetatik herritarrei helarazi diegun mezua honakoa izan da: «Zatoz medikura edozer gauza dela». Orain, diskurtso hori irauli nahi dugu, eta herritarrak bere osasunaren nahiz gaixotasunaren jabe egin daitezela nahi dugu; behar bagaituzte gertu izango gaituztela jakinda, noski. Osasun arazoak ditugunean ez da beharrezkoa beti medikuarekin egotea, artatu gaitzaketen beste profesional batzuk daude.
Lehenengo arreta zerbitzuan haurrak erizainak ikusiko ditu lehenengo, eta beharrezkoa bada medikuak. Gurasoren bat edo beste kexatu da funtzionatzeko era berri hau dela eta.
Haurraren segurtasuna bermatuta dagoela jakin behar dute guraso horiek. Erizain batek zaintza lanak egin ditzake. Arreta, gainera, medikuarekin adostutako protokolo jakin batzuen araberakoa izango da beti. Haurraren egoera zein den ikusita, erizainak arazoa konpondu edo kasua dagokion profesionalari bideratuko dio.
ESIaren onurak aipatu dituzu, zeintzuk dira orain artean sistema berria abiarazterakoan sumatu dituzuen zailtasun handienak?
Alde batetik, sistema egonkortzeko denbora behar dugu. Urte asko egin ditugun bestelako dinamika batekin, eta ezin dugu hura goizetik gauera irauli. Hala ere, gure profesionalak gogotsu daude, eta denbora pasa ahala emaitzak ikusiko ditugu; itxaron zerrendak egokituko dira, adibidez. Bestalde, teknikoki ere zailtasunak izan ditugu. Kontuan hartu behar da Osakidetzak beste edozein erakundek baino informazio gehiago duela eskuetan. Informazio hori guztia bateratzeko euskarri informatiko konplexuak behar dira.
Zer irabaziko dute herritarrek arreta zerbitzu integratuarekin?
Profesionalen koordinazioari esker jasoko duten arretak jarraipena izango du. Profesional egokiak kasu bakoitza osasun zerbitzuaren gune egokian artatuko du. Hori guztia, eraginkorragoak izateko, eta gure sistema publikoari eutsi ahal izateko.
Eta profesionalek?
Profesionalentzat frustragarria da ondoan lanean ari denaren lanaren berri ez izatea. Osasungintzako langileen aspaldiko eskakizun bati erantzuten dio integrazioak.
ESI abiarazi zenutenetik hauteskundeak egin dira, eta Eusko Jaurlaritzan kolore aldaketa egon da. Eragin al dizue?
Ez digu eragin, Jon Darpon Osasun sailburuak bere lehenengo diskurtsoan estrategia berarekin jarraituko zuela esan zuen, eta hori estimatzekoa da. Are gehiago, ESIren sistema Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko osasungintzara zabaltzeko asmoa agertu du. Gure eremuan ezinbestekoa da gobernu aldaketen gainetik estrategiei jarraipena ematea.
Osakidetzaren aurrekontua %1 txikiagoa da. Nola egin diozue aurre?
Gure lana aurrekontuan egon diren murrizketak herritarrek ahalik eta gutxien nabaritu ditzatela da. Egia da ezin dugula errealitatea ukatu, eta murrizketak egon badaudela. Krisi garaian dirua era ezberdinean erabiltzen dugula esan daiteke. Soldatak jaitsi dira eta lan orduek gora egin dute profesional guztiontzat. Osakidetzan absentismoa ekiditen saiatzen ari dira eta ordezkapenak egokitu dituzte. Osasungintza pribatuarekin hitzarmenak gutxitu dira. Hala ere, hemen ez dugu zerbitzurik itxi, eta itxaron zerrendak ez dira luzatu.
Legazpiarrek agian gogoratuko dute bertako Etengabeko Arreta Gunea itxi zenutela.
Itxi genuen bai, baina erabakia ez genuen krisiak eraginda hartu, datuak eskuan erabaki genuen. Ezinezkoa da batez beste gauero paziente bakarra artatzen duen arreta gunea irekita mantentzea. Orain, Zumarragara joatea eskatzen diegu. Legazpiko arreta gunea, bestalde, Zumarragan ospitalerik ez zegoen garaian ireki zen.
Zumarragako Ospitalea aipatu duzu. Egun, 100.000 bat biztanleri ematen dio zerbitzua. Txiki geratu dela esan ohi duzue, eta handitzeko lanak egin dituzue jada. Zeintzuk dira egin dituzuen azken lanak?
Erditze eraikina inauguratu genuen iaz; ginekologia eta obstetrizia zerbitzu guztiak bildu ditugu bertan. Azpi aldean traumatologia kontsultak kokatu ditugu sail honekin lotutako zerbitzu guztien ondoan. Errazagoa da koordinatuta lan egitea zerbitzu batekin lotutako arlo guztiak hurbil badaude.
Erditze naturalerako aukerak biderkatu egin dira azpiegitura berriekin. Aldaketarik sumatu al duzue emakumeen eskakizunetan?
Aurretik eskatzen zutena eskatzen dute orain ere; ohikoena anestesia epidurala eskatzea da, nahiz eta erditze naturalak gehiagora doazen. Dagoeneko, 2013ko lehenengo lauhilekoaren datuak ditugu, eta erditzeak dezente jaitsi direla esan dezakegu. Iaz 313 haur jaio ziren urtarrila eta apirila bitartean, eta aurten 47 gutxiago. Hala eta guztiz ere, baliteke urte amaierarako datu horrek iazko kopuruetara hurbiltzea. Ezin dugu baieztatu, baina agian krisiak jaiotzetan ere eragiten du.
Zer da azpiegiturei dagokienez egiteko dagoena?
Medikuen eta erizainen kanpo kontsultak hartuko dituen eraikina. Diru saila esleituta dago, eta Zumarragako Ospitaleko eraikin berriaren lanak aurki hasiko direlakoan gaude.