Zuma-Hine 'champion', beste behin
Europa mailako talderik onena 2008an, bi nazioarteko txapelketa eta Espainiako txapelketa irabazi ditu, besteak beste, Zuma-Hine taldeak. 800 talde baina gehiago daude Espainiako txapelketan, eta irabazten duten laugarren aldia da aurtengoa.
2002-2003 denboraldian hasi ziren talde bezala jokatzen, Beasaingo koadrilarteko txapelketa jokatzen zuen Zumazuritze taldeko kidean bestela ere futbolean ibiltzen diren beste lagun batzuekin batuta. Koadrila bereko taldea zen ordukoa; lagunarteko jolasa. Zazpiko futboleko txapelketak jokatzen zirela jakin zuten eta batzuk utzita zuten kirolak utzitako grinarekin jarraitzea erabaki zuten.
Hirugarren mailan hasi ziren. Hasi orduko Gipuzkoako txapelketa irabazi, Euskadikoa eta Espainiakoa jarraian. Horrela, 2003-2004 urterako bigarren mailan zeuden, eta hemen ere maila gorena emanez, 2004-2005 denboraldirako jada lehen mailan ari ziren jokatzen beasaindarrak.
«Lehen urtean nahiko lanekin ibili ginen, baina, bigarren urterako hobeto moldatzen hasi ginen», dio Luis Garmendia taldekideak. Horrela, 2006-2007 denboraldian lehen mailako Espainiako txapelketa irabaztea lortu zuten: «Deportivo de la Coruña taldean jokatzen zuten jokalarien aurka jokatu genuen final hura: Fran, Jose Ramon, Manjarin, Rasdfasdf, Radchenko… Izugarria izan zen; ezusteko ikaragarria».
Europako txapeldun
Espainiako txapelketa irabazteak Lisboan jokatu zen Final Four Iberica jokatzeko txartela eman zien, eta hau irabazi zutenean Europako txapelketakoa lortu zuten. Suitzan jokatu zuten Europako txapelketa. «Trenez joan ginen, bagoi oso bat guretzat hartuta, familia eta guzti. Joateko bidea izugarria izan bazen, pentsa itzulera nolakoa izan zen!», dio Luis Garmendiak.
«Euskal Herriko puska txiki bat eraman genuen gurekin: trikitixa eta panderoa eraman genituen, txapelarekin joan ginen, Beasingo festetako painueloak eraman genituen….», gogoratzen du Garmendiak. Txapelketarako propio euskal koloredun jantziak egin bazituzten ere, federazioak Espainiako traje ofizialak eman zizkien jokatzeko.
2.000 metrotik gora zegoen futbol zelai batean jokatu zuten eta Suitzako telebistetan eman zuten partida. «Funikularrean igo ginen», gogoratzen du Garmendiak; «festa handia izan zen familia guztiarentzat».
Taldeak oroitzapen ona utzi zuen nonbait suitzarren artean, eta futbol zelaian belar artifiziala jarri zutela inauguratzeko, atzera talde beasaindarrari deitu zioten, bertako taldearekin batera partidu bat jokatzeko. Orduan ere trikiti eta guzti joan ziren, baina, euren harridurarako, hangoek Manolo el del bombori joateko eskatu zioten, eta baita bertan agertu ere hura! «A por ellos bakarrik abestu zuen egun hartan, nonbait bazekien España ohiukatzerik ez genuela nahi», gogoratzen du Garmendiak barrez.
Hemengoen babesa
Egun jokatzen duten taldekideek 40 urte dituzte batazbeste. Horregatik, hasierako taldea osatzen zutenetatik lauk bakarrik jarraitzen dute orain: Juan Migel Aiestaranek, Xabier Lopetegik, Xabier Cortesek eta Luis Garmendiak. «Oso lotua da, eta zorionez, familiakoen babesa izan dugu jarraitu dugunok, eta hori eskertzekoa da» dio Luis Garmendiak. Beraiekin batera dabiltza egungo taldean Mikel Apaolaza, Alex Calvo, Ion Galparsoro, Patxi Auzmendi, Harriet Zaldua, Iñigo Goikoetxea, Titi, Iker Fernandez, Iker Ramirez, Ibai Etxabe, Xanet Garmendia eta Tximen, besteak beste.
Familiaren babesa garrantzaitsua bada, horrelako mailetara iritsita laguntza ekonomikoa ere garrantzitsua da, txapelketetan izen emateak dezente balio baitu. Laguntza hori lehen urteetan Gerra Hermanosek eman zien, eta Europako txapelketa iritsi zirenetik Hinek ematen die diru-laguntza. Hauei ere eskerrak eman nahi dizkiete taldekoek.
«Jokatzen dugun gainerako taldeekin alderatuta, gurean denetik dago: argalak, txikiak… eta askori erraz irabaziko digutela iruditzen zaie». Baina, talde goierritarrak irabazten jarraitzen du oraindik ere. «Kaskagogorrak gara, irabazteko grina dugu eta lehiatzen dakigula iruditzen zait. Taldean bakoitzak zer funtzio dugun argi dugu, eta hori oso garrantzitsua da», dio Garmendiak. Hortik etorriko da, akaso, euren arrakasta. We are the champions abestia entzunda, Garmendiaren semeak «aita! zuen abestia!» esan omen zuen behin. Jarrai dezala hala izaten.