Bi fitxaketa berri egin ditu Ampo Ordiziak
Datorren denboraldiari begira, bi jokalari fitxatu ditu Ampo Ordiziak aste honetan Ordizia Rugby Elkartetik iragarri dutenez. Harroin postuan arituko da Vaughan Lomax 23 urteko jokalaria; zehatzago 3 zenbakiaren postuan. Zelanda Berrikoa da jaiotzez Lomax, nahiz Australiar nazionalitatea ere baduen. 185zmko garaiera du eta 125 kilo pisatzen ditu. 2008tik Australiako West Harbour taldean aritu da eta Act Brumbieseko lehen taldearekin jokatzeko aukera izan du; Australia Zelanda Berria eta Hegoafrikako puntako taldeak biltzen dituen Super Rugbyaren frankizian.
Bigarren lerroan arituko da Jamie Chipman jokalaria, Zelanda Berrikoa baita ere. 196zmko garaiera du eta 114 kilo pisatzen ditu. Klubetik nabarmendu dutenez “esperientzia handiko jokalaria da, 25 urte dituen arren”. Counties Manakauko, Super Rugbyko Waikato Chiefsen harrobiko, jokalaria izan da. Errugbi taldean ongi etorria eman die biei.