Kultur Arteko II. Azoka egiten ari dira Legazpin
Legazpiko Oripavi elkarteak antolatzen duen gisa honetako bigarren azoka da gaurkoa. Legazpin 33 jatorri ezberdinetako herritarrak bizi dira gaur egun, eta datu horretatik abiatuta hasi ziren iaz proiektu honi gorputza ematen. Goizean zehar munduko gastronomiarekin eta artisautzarekin lotutako 45 stand jarri dituzte azoka plazan. Brasil, Maroko, Sahara, Tunisia, Kolonbia, Guatemala, Angola, Senegal, Espainia eta Euskal Herriko gastronomia eta artisautza produktuak izan dira aukeran.
Goizean zehar, lasterketa herrikoia egin dute Marea berdea bizirik lelopean. Sorgintxulo elkarteak antolatuta haur eta gazteentzako jolas kooperatiboak egin dituzte, eta Xabier Aierdi soziologoak hitzaldia eskaini du Kulturak eta identitateak izenburupean.
Eguerdian, gastronomia dastatze herrikoia egingo dute herriko Ontto Beltz, Armuño, La Bellota eta Hare Haizea elkarteen laguntzarekin. Herritarrek azokan erositako produktuak edo etxetik eramandako janaria dastatzeko aukera izango dute Euskal Herria plazan horretarako jarri dituzten mahaietan.
Arratsaldean, Folklore eta dantza tradizionalen erakustaldia egingo dute 16:00etatik 18:00etara, Hare Haizea (Sahara), Esperanza Latina (Donostia), Kari Warmi (Bolivia), Danza India Boliwood (Bartzelona) eta herriko Korosti dantza taldeekin. Ordu bererako antolatu dute gazteei zuzendutako eztabaida gunea. Oripavi elkarteko kideek gidatuta zenbait gairen inguruan eztabaidatzea izango da helburua.
Amaitzeko, musika kontzertuak egingo dituzte 19:00etatik goizaldeko 03:00ak bitartean. Legazpiko Sutan Ttakun, Samba Dzanga eta Barrunbadau taldeen, Zestoako Ada Begiren eta Arabatik datorren Trikoma bandaren parte hartzearekin.