‘Gaua gauezkoentzat’ ibilaldi mitologikoa egingo dute Ataunen
Ataunen mitologiako kondairetan murgiltzeko aukera izango da, larunbat arratsetik gauera. Gaua gauezkoentzat izeneko gaueko ibilaldi magikoa antolatu dute Gipuzkoako Parketxe Sareak eta Jentilbaratza kultur elkarteak. 18:00etan hasiko da egitaraua, San Gregorioko museoan.
Barandiaran Museoa eta Errotatxo gune hidraulikoa adituen azalpenak entzunez bisitatzeko aukera izango da, 18:00etatik 20:00etara. Ondoren, 19:00etatik 20:30era ogia egiteko prozesu osoa garatuko dute, azkenean labean erretako opilak jateraino.
Ibilaldia 20:30ean hasiko da, museotik. Agauntza errekaren ertzeko herri bidetik San Martineraino joango dira izena emanda dauden bisitariak. Ipuin mitologikoen pertsonaiek eta eszenografia bereziek hornituko dute gaueko txangoa. Jentilbaratza elkarteak prestatu dituen ikuskizunetan ehun-bat ataundarrek antzeztuko dute.
Ibilaldiak bi ordu inguruko iraupena izango du, hiru kilometroko bidean. Jatekoa eta edatekoa eskaini dute.
Antolatzaileek iazko udan egin zuten estreinako ibilaldia gauez, eta «jendetza» bildu zen. Aurten, uztailaren 10erako eman behar zen izena, multzoa kudeatzeko.
«Garai bateko ipuin eta leienda harrigarrien munduan sartuko gara Ataunen bihotzean, eta Joxemiel Barandiaran bizi izan zen inguruan», diote antolatzaileek. Herribidean barrena, euskal mitologiako pertsonaiek —lamiak, jentilak, Basajaun, Samartin Txiki, Mateo Txistu, Marimunduko, sorginak…— «sorpresak» eskainiko dizkiete ibiltariei. Haur, gazte eta helduentzat da.
Autoa San Martinen utziko dutenentzat autobusa egongo da, 20:20an, San Gregorioraino. Amaieran, hara joango da atzera.