Lazkaon zehaztu dute atez ateko hondakin bilketa sistema
Lazkaoko Udalak eta Sasieta Mankomunitateak gidatutako herritarren parte-hartze prozesua atzo bukatu zen, Lazkaon. Areria antzokian azken batzarra egin zuten, 120 bat herritarren aurrean, atez ateko bilketa nolakoa izango den jakinarazteko. Oraindik gai guztiak itxi gabe baldin badaude ere, ordutegia eta egutegia zehaztu dituzte.
Asteko egun bakoitzean gai jakin bat atera beharko da, aurrez etxe bakoitzarentzat finkatutako lekura. Astelehenetan, ostegunetan eta larunbatetan organikoa jasoko du Sasietak; astearteetan errefusa, asteazkenetan eta igandeetan ontzi arinak, eta ostiraletan papera eta kartoia. Pixoihalak, konpresak eta osasungintzako materiala egunero atera ahalko da, eguneko ontziaren gainean aparteko poltsa batean sartuta, edo barruan, gainaldean, poltsa batean.
Hondakinak iluntzean 20:00etatik aurrera atera beharko dira kalera. Sasietaren kamioia eta langileak 06:00etan hasiko dira Lazkaon biltzen.
Lazkaoko alkate eta Sasietako lehendakari Azeari Andonegik gogorarazi zuen atez ateko bilketa sistemaren helburua hondakinen “%80 baino gehiago birziklatzea” dela. Bilketa mota berria indarrean noiz jarriko den oraindik ez dute zehaztu. Udalak materialak eskatuko ditu orain —etxeetarako ontziak, poltsak, zutabeak…—. Hornitzaileak ekarri ondoren, herritarrei banatu beharko dizkie udalak. Sistemari buruzko informazioa emateko kanpaina ere egingo dute, etxeetara gida bat banatuta eta Birziklatzea erraza da! egitasmoaren bidez.