Manifestazioa deitu dute EAJ eta PSEk Ordizian atez atekoaren aurka
Bilduren “ereduarekin eta jokabidearekin” ez daudela ados adierazteko eta atez ateko hondakin bilketaren aurkako jarrera agertzeko manifestazioa deitu dute Ordiziako EAJ eta PSEko zinegotziek bihar iluntzeko 20:15erako Plaza Nagusian. Gau horretan bertan hasiko dira hondakinak atez ate biltzen. Atzo hedabideei banatu zien ohar bidez azaldu zutenez, atez ateko hondakin bilketarekin “herritarrei ohiturak dezente aldatzera behartzen die”. Bihar bertan martxan jarriko den bilketa erak “traba eta molestia” gehiago eragiten dituela-eta, ordiziarrei boikoterako dei egin diete. Herritarrei “sakrifizioa” eskatu die oposizioekoek “eromen hau geratzen saiatzeko”.
EAJ eta PSEko zinegotziek ez dute hondakinen inguruko “fase hau” amaitutzat eman nahi. Bilduk hondakinak biltzeko sistema “herritarren borondatearen aurka ezarri” duela uste dutelako. Galdera egin dute: “Eta besterik gabe aplikatzen utzi behar al diegu?”.
Bilduren udal gobernuaren aurkako salaketa eta hitz gogorrak jasotzen ditu EAJ eta PSEko zinegotzien oharrak. Hondakinen politika dela-eta, ahaleginak “enplegua suntsitzera eta langabezia handitzera” bideratzen ari direla diote, eta ez direla “gardentasunez jokatzen ari, nabarmena da egiten duten manipulazioa eta engainua, beste garai bateko autoritarismoa darabiltze”, diote.
Ordiziako Udalak hondakin bilketaren gaineko xehetasunak erabakitzeko egindako parte hartze prozesua ere zalantzan jartzen dute oposizioekoek: “prozesuak erabakitzea baino gehiago doktrinatzea zuen helburu”. Hala, herritarrei erabakitzeko aukera “ostu” egin dietela diote eta atez atekoaren aurka agertu diren herritarrei “barre egin” diela. Ekainaren amaieran egindako galdeketako emaitzak —herritarren herenak bozkatu zuen bost edukiontzien sistemaren alde— “garbiak” direla diote: “Gutxiesten saiatu dira bai kontsulta bera eta baita kontsulta antolatu zutenak ere, eta ez dituzte aintzat hartu emaitza argiak eta eztabaidaezinak”, diote oharrean. Bilduk emaitzez egiten duen irakurketa “diktadorerik maltzurrenak interpretatuko lituzkeen baino okerrago” egiten duela diote. Zenbakiak nahi eran erabiltzea egotzi diote udal gobernuari eta “modu zentzugabean, sinesgarritasun gutxirekin eta etikarik gabe” eman dituela.
Bilduk era “autoritarioan” jokatu duela argudiatzeko, udalean duen gehiengoa “zinegotzi bakarrekoa” dela eta gehiengo hori “eskasa” dela diote EAJ eta PSEkoek. Bilduri “hondakinen borroka” hasi izana egozten diote eta udal gobernuaren “zutabeak manipulazioa, gardentasun eza, intimidazioa, inposaketa, elkarrizketarako borondaterik eza, autoritarismoa eta errespeturik eza” direla azaldu dute.