
San Kristobat egunez agertu da San Joan sagarra, berandu aurten, eta kontu bera esan daiteke San Joan madariari buruz ere, atzoko ferian ekarri baitzituzten lehenak, Gabiriako Oñatibia txiki eta Ezkioko Eztagoiti baserrietakoak. Gereziekin batera salmahai dotorea zuen Miren Agirrezabalak. Prezioei dagokienez madariak euroan, sagarrak 2 eta 2,5 euro artean, eta gereziak 2,5ean. Merke iritzita «lanean debalde» aritzen direla entzun diogu nekazari bati; eta ez da gutxigorako, izan ere, gereziak banan banan bildu eta kiloa osatzerako behar den denbora, eta askotan arbolara igota ibiltzeko trebeziak, bi euro eta erdiko ordaina ondo asko justifikatua baitu. Lan hori egin ez duenak bakarrik eman lekioke aitzakia prezio horri.
Bestalde, indiamahatsakin Zurutuza ahizpak geroz eta aberatsagoa dute fruitu txiki gorrien eskaintza. Eta oraindik ere haziko da fruta eskaintza Idiazabalgo Kalbarioko Amaia hasterakoan, ondo bidez uztailaren bukaeran, edo iaz bezala, abuztuko lehen astean.
Barazkiei dagokienez, lehen alberjinia, berenjena delakoa, ekartzen hasi da Arantxa Iparragirre Montesekoa, oraindik negutegikoa, euroan ale bakoitza. Egun hauetako uda giroarekin aurrera poliki egin dute hainbat landarek (tomate, piper, luzoker…). Harrigarria badirudi ere, ura ere hartuko lukeela lurrak askori entzun diogu; izan ere «halako bustialdiaren ondotik, oraingo beroekin lurra elkortu, zakartu egin da, azala gogor gogorra du».
Ezohiko eskaintza, batera
«Tomatea eta ilarra momentu berean mahai gainean ikustea erabat ezohikoa» dela aipatzen zigun Barazki Bizidunak postuko Mapi Gartziak. Horrelako irudiak eskaintzen ari da aurten feria, hori bai, horrela segituz gero, laster ihartuko dira ilarrak eta babak.
Perretxikoen eskaintza urria
Axun Etxeberria zaldibiarrari ikusi dizkiogu gibel urdin gutxi batzuk, baina gainerako eskaintza mikologikoa, Basoakoen postu bakarrera mugatzen zen, harentzat bai pagotsa! Santa Maria Kalearen sarreran jartzen duen postuan; onddoak, udaberriko zizak, zizahoriak eta karraspinak zituen aukeran.