Zaldibiako Txamarretxe auzoan festa ospatuko dute, larunbatean
Zaldibiako herrigunearen goialdean dago Txamarretxe. Aralarrera bidean zihoazen artzainentzat azkeneko geralekua zen, mendi bideei ekin eta herrigunea atzean utzi aurretik. Kalexka estu ikusgarriak ditu, etxe zaharrak eta historiaz beteriko txokoak, pertsona ospetsuen jaiotetxeak tartean, Juan Inazio Iztueta dantzaria eta idazlea, edo haren jarraitzaile izandako Jose Antonio Olano, kasu. Larunbatean ospatuko dute auzoko festa, urtero San Fermin ondoren egin ohi duten bezala.
Larunbatean 19:00etan hasiko da jaia, Iztueta taldearen dantza saioarekin. Ordu erdi geroago toka txapelketa hasiko da. Izena 19:00etatik 19:30era eman behar da.
Urteroko ohituran, Arrese jatetxeak ardoa eta Larrartek sagardoa eskainiko dute iluntzean. 20:30ean Amaia Iturriotz eta Sustrai Colina bertsolariak hasiko dira kantuan, eta 21:00etan afaria izango da, Arrese jatetxean (txartelak bertan dituzte salgai). Afal ondoren, bertsolarien saioarekin tartekatuz, Agurtzane eta Jon Elustondo trikitilari legazpiarrek erromeria jarriko dute.

Zaldibiako Txamarretxe auzoa./Aimar Maiz