Lau auzipetuak agerraldian herritarrez inguratuta.
2008ko Santa Ana jaietan izandako istiluen ondorioz lau gazte epaiketara deituak izan dira ostegun honetan Donostiako Epaitegian. Fiskaltzak agintarien aurka oldartzea, desobedientzia eta lau ertzain zauritzea leporatzen die. Ondorioz, denera, 16 urteko espetxe zigorra, inhabilitazioa eta 7.000 eurotik gorako isuna eskatzen die. Joseba Oiarbideri sei urte eta erdiko espetxe zigorra eta 2.555 euroko isuna; Eneko Gonzalezi lau urte eta erdiko espetxea eta 1.925 euroko isuna; eta, Urko Toledori eta Inhar Alvarez de Eulateri bi urte eta erdiko espetxea eta 1.260 euroko isuna eskatzen dizkie Fiskaltzak. Lauei ertzainak iraintzea eta desordena publikoa eragitea egozten dizkie; Oiarbide eta Gonzalezi agenteak zauritzea ere bai.
Prentsaurrean agerraldia egin zuten atzo iluntzean auziaren nondik norakoak agertu eta gertatu zena gogorarazteko. Dozenaka lagun inguratu ziren auzipetuei babesa ematera. Duela bost urteko jaietan Santa Ana eguneko agintarien prozesioan izan ziren istiluak. Ikusten ari ziren herritarrak txistuak eta ohiuak egin zizkien udalbatzakoei. Auzipetuek kontatu zutenez Ertzaintza agertu zenerako “giroa lasaitzen ari zen”. Hala ere, “gertatutakoa aztertu gabe”, agenteek kargatzeari ekin ziotela diote: “Han geunden herritarrok bortizki eraso gintuzten. Etorrera oso basatia izan zuten, bertan geunden gazteok jipoitu gintuzten, gutako bat kolpeka eta modu oso zakarrean eramanaz. Pertsona bat identifikatu zuten, beste bat atxilotu eta identifikaziorik gabe bada ere, gertaeren ostean inplikatu gaituzten herritarrik ere bada”.
Delitu moduan zigortuak izatea, gertaera “bere testuingurutik atera eta gaia dimentsionatzea” dela salatu zutne auzipetuek. “Zoritxarrez, lehen ere ezagutu ditugu halako kasuak, zeinetan indar polizialen gehiegikeriak eta hanka sartzeak zuritu nahi izan dituzten”, zioten. Hainbat herritarrek beren desadostasuna agertu nahi izan zutela azaldu zuten: “Ez zen ospakizuna galarazi. Ez zen inor ere erasotu, ez behartu. Ez zen ordenu publikoa hautsi. Ez behintzat Ertzaintza agertu eta festa ospatzen ari zirenen aurka ekin arte. Festa esparru batean, benetan gertatzen ari dena ezagutu gabe sartu ziren moduan sartzea, arduragabekeria izugarria da”.