Asteburu honetan emango diete hasiera Euskal Jaiei Ordizian
egitaraua oparoa izango da, udala eta herriko elkarte zein eragileen artean osatua.
Bihar arratsaldeko 17:30etatik aurrera Plaza Nagusian kuadrillen arteko herri kirol lehiaketa egingo da Emaneurrek antolatuta eta egun osoan zehar burruntzian erretako “txerri jana” 21:00etako finalaren ondoren. Gauean 23:00etatik aurrera Gozategi taldea arduratuko da festa giroa jartzeaz. Igandean berriz, Jubilatuen Eguna ospatuko dute egun osoko egitarauarekin.
Asteazkenean, egun handia
Zalantzarik gabe asteazkena hilak 11 izango da egunik handiena; aparteko azoka eta latxa ardiaren esnez egindako gazta-lehiaketa izango dira eguneko ekitaldirik garrantzitsuenak.
Gipuzkoako Aldundiaren egoitzan emandako prentsaurreko batean egin dute Euskal Jaien aurkezpen ofiziala erakundeetako ordezkariek. Bertan bildu dira Ordiziako alkate Igor Eguren, Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapen diputatu Koldo Lizarralde; Idiazabal Gazta Jatorri Izendapeneko presidente Jose Mari Uztarrotz; Kutxabankeko Gizartekintzako ordezkari Mikel Mendarte; eta gazta lehiaketaren epaimahaiburu Juan Mari Arzak.
Latxa ardien esnez egindako gaztaren XL. lehiaketa izango da aurtengo azokan egingo dena. Uztarrotzek berak azaldu duen bezala «gaztagileen ametsik handiena da Ordizian podiuma egitea». Idiazabal Gazta Jatorri Izendapeneko presidenteak nabarmendu du aurtengo udaberriko «giro kaskarrak» kalte egin diela artzainei; «sei hilabete euritan emanda ardiei etxean eman behar izan zaie jaten eta jatekoa neurtu beharra dago dituen prezioak direla-eta», esan du. Lehiaketa, berez, goizeko 10:30ean hasiko da. Juan Mari Arzak lehendakari dela, hainbat sukaldarik, gastronomia-adituk eta kazetarik osatuko du epaimahaia. Eguerdiko 13:30ak aldera jakingo da artzain irabazleak nor diren eta, ondoren, saritutako gazten enkantea egingo da. Beti-Alairen ondoko pilotaleku txikian, 2003. urteaz geroztik gazta-lehiaketan irabazle izan diren artzainen gaztak jarriko dira salgai.
Azokan bestelako lehiaketak ere antolatu dira: fruitu eta barazki lehiaketa, Gipuzkoako piriniar arrazako behi-azienda lehiaketa eta Plaza Nagusian astero postua jartzen duten baserritarren Aipamen Berezia. Aldi berean, hainbat erakusketa izango da: perretxikoak, euskal oiloa eta nekazal tresneria zein makinaria. Ordiziako Euskal Jaiei buruzko informazio osoa www.ordiziakoazoka.com web orrialdean dago.
Bihar hasi eta hurrengo igandera bitarte Euskal Jaietan murgilduko da Ordizia. Aurreko urteetan bezala,