Beasaingo Andramendi Ikastolak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) eskatzeko jaialdia egin zuen atzo, Beasaingo Ikastolan hazi eta hezi lemapean. Egungo ikasleek, gurasoek eta ikasle ohiek parte hartu zuten, bertsoak, dantza eta musika uztartu zituen festan. Aurrena, herritarrei ikastolaren azpiegiturak erakutsi zizkieten. Handik, Bideluze plazara joan ziren gero, ekitaldia egitera. Aimar Larrea, Andramendi Irakaskuntza Kooperatibako lehendakariak azaldu zuenez, "proiektu hau aurkezten dugun momentuan, ikasleen eskubideei bide bat jartzen ari gara; eta bide hori posible bada, orain arte horren alde lan egin duten guztiei eta ikasleei esker izango da".