Ataungo basoen aberastasunari buruz jardunaldia egingo dute
Ataunen natura aldetik zer «aberastasun» dagoen jabetzeko, bi astean zehar I. Ingurumen Jardunaldiak egingo dituzte. Atauniker kultur elkarteak antolatu du zikloa, bi hitzaldirekin eta mendi buelta batekin. Estreinako jardunaldi honetan, batik bat basoari jarriko diote arreta, Ataunen hain zabalak diren baso-sailen egoera, horietako balio ekologikoa eta ustiaketa landuta.
«Gure ingurua ezagutu eta zaindu» da jardunaldietarako Ataunikerrek aukeratu duen leloa. Datorren ostegunean, irailak 12, Mikel Olanok hitzaldia egingo du, 19:00etan, udaletxeko ganbaran. Ataungo mendi eta erreketako izaki bizidunen aberastasuna du gaia solasaldiak. Olano Gipuzkoako Foru Aldundiaren basozaina da, eta Aranzadi zientzia elkarteko ornitologia saileko ikertzaile modura ere jarduten da.
Bigarren hitzaldia irailaren 19rako iragarri dute, Basoen ustiaketak eta inguruaren babesa izenburua zehaztuta. Arturo Elosegi (Biologian doktorea eta EHUko Ekologia irakaslea) eta Joseba Arrieta (Gipuzkoako Baso Jabeen Elkarteko lehendakaria eta mendi injeniaria) ariko dira hizlari. Saio hori ere udaletxeko ganbaran izango da, 19:00etan.
Mendi ibilaldi gidatua, bukatzeko
Ingurumen jardunaldiak bukatzeko, hitzaldietan entzundakoa bertatik bertara ikusi ahalko dute ataundarrek. Irailaren 21en, larunbata, mendi ibilaldi gidatua egingo dute, basoak nola erabiltzen diren eta nola zainduta dauden behatzeko. Iñaki Aizpuru botanikoa eta Ihobeko biodibertsitate eta klima aldaketa saileko teknikaria izango da gidaria.
Lizarrustitik irten, eta Akerreta, Lareo, Malkorburu, Marumendi, Arrikolatza eta Urkullaga zeharkatuko dituzte ibiltariek, San Martinen bukatzeko. Hiru ordu eta erdi edo lau orduko iraupena izango du.
Abiapuntua San Martingo plazan jarri dute, eta autobusean joango dira Lizarrustira (5 euro, hamaiketakoa barne). Izena irailaren 17rako eman behar da (645 73 88 58 edo 649 83 56 61).