Berria.info- Goierriko Nazioen Mundua ekinbidean jardun ondoren, Angel Oiarbide (Beasain, 1974) buru-belarri ari da Gure Esku Dago dinamikan. Joan den ekainaren 8an aurkeztu zuten dinamika herritarra, eta herriz herriko aurkezpenetan ere aritu dira geroztik. Datorren ekainaren 8rako erronka jarria dute: erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katea, Durangotik Iruñera. Baikortasunez begiratzen dio datorrenari: Euskal Herria ere pausoak ematen hasia dela dio.
Katalunian azken egunetan gertatu dena ikusita, posible da gaur egun «euskal bide bat» abiatzea? Nola eragin dezake hangoak hemengo bidean?
Noski, Euskal Herrian gerta daiteke, eta gertatu egingo da. Ez atzoko egunez gertatu zena bakarrik, prozesu hori guztia, eta Eskoziakoa, orain ari dira ematen. Hau da, XXI. mende hasiera honetan, ziklo berri batzuk sortzen ari dira, bai Eskozian, bai Katalunian, baita Euskal Herrian ere. Eta ziklo berri horiek batera datoz. Gure balorazioa da, garrantzitsuegiak direla bai Katalunian eta bai Eskozian sortzen ari diren inertzia horiek, guk hemen probestu ahal ez izateko. Orduan, egia da hemen ziklo berri bat hasi dela, baina oraindik ez du eragiten. Aurrelan batzuk badauzkagu herri honetan, eta gizarte honetan. Eta da oinarriak sortu egin behar direla, ezberdinen arteko oinarriak, eta errezeloak eta gaizkiulertzeak gaindituz, amankomuneko gune bat sortu beharra dago. Gure Esku Dago dinamikatik hori da gure asmoa: gune hori sortzea erabakitzeko eskubidearen inguruan, sentsibilitate ezberdinen arteko topagunea sortzea, eta hortik pausoak ematen hastea.
Horretarako, momentua ezin egokiagoa da, bai Katalunian eta bai Eskozian gertatzen ari direnak aprobetxatzen hasteko. Guk beti esaten dugu: edo orain aprobetxatzen ditugu inertzia hauek, edo jai daukagu. Orain hasi behar gara pausoak ematen, hemendik bost urtera inertzia hau guztia guk sorrarazi behar badugu, a zer lanak dauzkagun! Momentu ezin hobea da Euskal Herrian komunean dauzkagun oinarriak jarri eta pausoak ematen hasteko. Gainera, aukera daukagu kanpoko inertzia horiek aprobetxatzeko.
Gune hori, subjektu hori, nola definitzen duzue? Nork osatu behar du, nola eraiki liteke?
Guk, subjektu bezala, demos bezala, euskal herritarrak ditugu. Nola egituratzen den hori, lurraldeka edo bat edo bestea, administratiboki, hori ez da gure lana. Gure asmoa da euskal herritarrak sentsibilizatu, kontzientziatu eta aktibatzea, edozein administrazio zatiketen gainetik.
Aurreragoko lan horiek aipatu dituzu. Lan horiek askotan beste batzuen gain daudela pentsatzen da. Has al gaitezke erabakitzeko eskubidearen inguruan pausoak ematen, hori horrela izanda ere?
Nik uste dut denbora gehiegi egon garela goitik zer etorriko den zain, ea goitik zer konponduko diguten. Guk askotan esaten dugu norberaren ardurak delegatzeak, momentu batean bati pisu handi bat kentzen diola gainetik, baina epe ertain eta luze batean, gaitasun bat uzten duzula besteen esku. Azkenean, ez dakizu zertarako gai zaren ere, ahaztu egiten zaizu daukazun gaitasun hori guztia. Nik uste dut horrela gaudela, ez garela jakitun zer egiteko gai garen. Sinesten badugu guk, herritarrok, zenbateko gaitasuna dugun, elkarlanean hasi eta lanean hasten bagara, dudarik ez dugu euskal gizarteak eragiteko aukera daukala. Baina momentu honetan ez dakigu zenbaterainokoa den hori. Hori katalanek ikusi dute, eta ez inork kanpotik esan dielako. Fedea ez da norbaitek esaten dizula sortzen, norberak egin eta ikusi ahala konturatzen da nolako gaitasuna duen. Katalanak hor dabiltza, harrokeriarik gabe, baina harrotuta, ikusi dutelako nolako gaitasuna duten.
Luze gabe, nola eman litezke pauso horiek?
Hori da Gure Esku Dago dinamika, hori bilatu nahi du, praktikara eramatea adibide eta ekintza batzuk, euskal gizarteak ikus dezan benetan, pixkanaka, zer gaitasun duen eragin ahal izateko. Hori da gure asmoa, ezberdinen arteko elkarlanean oinarrituta dinamika bat abiatzea, xuabe-xuabe, helburu jakin batzuekin. Hemendik urtebetera, atzera begiratu eta ikus dezagun gai garela. Esatea: ‘Uste duguna baino gaitasun handiagoa dugu, eta hau gainditzen badugu, zer egiteko gai izango gara’. Eta elkarlan horretan gero eta gehiago sakontzea.