Bizipozaren Jaian beharra duten elkarteekin diharduten elkarteak goratuko dituzte, igandean, Lazkaon
Irrien Lagunak Gizartegintza Elkarteak (ILGE) Lazkaon egingo du jendaurreko aurkezpena, igandean. Behar bereziak dituzten haurrekin lan egiten duten 22 elkartek osatu dute, oraingoz, sarea. Haien lana, beharrak eta indarrak agertuko dituzte; jai giroan, baina elkartasuna gizarte osoari dagokion auzia dela gogoraraziz.
Bizipozaren Jaia izenpean, Lazkao festa-leku erraldoia izango da. Igandean 10:00etatik 18:00etara, ekitaldi sorta prestatu dute Irrien Lagunak Klubak, bere Gizartegintzak eta Lazkaoko talde ugarik. Plaza, pilotalekua, alboko aparkalekua eta kiroldegia hartuko ditu jaialdiaren esparruak. Sarrera gisa pirata-zapi beltz bat erosi behar da, 5 euroan. Familiek gehienez 10 euro ordainduko dute. Gerriko dendan daude.
Elkartasunaren eta elkarlanaren beharra agertu zuen, atzo, Joxe Mari Agirretxek (Porrotx pailazoa), Lazkaoko agerraldian: «Mundu globalizatuan, kanpokoei mugarik jarri gabe, guk gurea eskaini nahi dugu. Elkartasunak denoi eragiten digu, ez da norabide bakarrekoa. Denok dugu zer eman eta zer jaso», azaldu du.
Auzolana eta bizipoza
«Gizarte ahal den justuena eraiki nahi dugu, berdintasunezko harremanetan, komunitateak osatuz eta euskaraz». Lokailu bokazioz sortu dute ILGE, hiru urteko bilakaeraren ondoren eta Bizipoza auzolan goiburu ipinita.
Festa antolatzen ere «auzolan» filosofiarekin jardun dira. Lazkaoko elkarte, erakunde eta talde askok parte hartuko dute, baita Goierriko zenbaitzuk ere: Antzar Gazteak txistulariak, Jundajo txaranga, abesbatzak, talogileak, Oin-Arin dantza taldea —urteroko Dantzari Txiki eguna egitarauan txertatu dute—, marrazketa tailerrekoak…
Aparkalekuan, berriz, ILGEko kide diren elkarteek postuak jarriko dituzte, haien lana «ikusgarri» egiteko. «Elkartasunaren trenaren aurreko motorea» direla irudikatu du Agirretxek. Ekarpenak jaso eta egiten duten lanaren berri emango dute. Erakustaldiak edo tailerrak egingo dituzte; kirol egokituena, elbarrien laguntza-txakurrena eta zeinu hizkuntzena, adibidez. Jaialdian bildutako dirua elkarte horientzat izango dela argitu dute antolatzaileek, «osorik».
Eguerdian, herri bazkari handia izango da, kiroldegian. Menuak 5 euro balio du; bazkaltiar bakoitzak 10 euro jarriko ditu, baina Sasieta Mankomunitatearen ontziteria berrerabilgarria itzultzen duenean, horietatik 5 euro berreskuratuko ditu. Txartelak igandean bertan salduko dituzte. Lazkaoko Eroski supermerkatuak janari guztia oparitu egin du. Animazioko musikariak, asto-gurdietan paseoak, puzgarriak eta eskulan tailerrak ere jarriko dituzte, egun osoan.
Horiez gain, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo taldeko pertsonaia guztiak Lazkaon izango dira. Hiru ikuskizun egingo dituzte, egunean zehar.
Kanpotik joango direnei garraio publikoa —autobusak— erabiltzeko eskatu diete.
Bizipozaren Jaiaren egitaraua (igandea, irailak 22):
- 10:00. Antzar Gazteak txistulariak. Kirol egokituak, kaxa tailerra, txakurren erakustaldia.
- 10:15. Dantza taldeen kalejiraren irteera.
- 10:30. ‘Irri herri anitz’ikuskizuna.
- 11:30. Dantza saioa.
- 12:00. Lazkaoko abesbatzak. Juan Gorritiren hormairudia.
- 12:30. ‘Sentitu, pentsatu, ekin’ ikuskizuna.
- 14:00. Bazkaria, kiroldegian.
- 15:00. Ipuin kontalaria. Hena tailerra. Zeinu hizkuntzaren tailerra. Iztueta baserrira bisita.
- 16:00. Irrien Lagunak Klubeko sarien banaketa. Lazkaoko marrazketa taldearen hormairudia.
- 17:00. Ane eta Piratak taldearekin dantzaldia.
- 18:00. Txokolate-jana.
Erlazionatutako edukiaBizipozaren jaian parte hartzeko deia egin dute hainbat lazkaotarrek