«Euskaltel desagertzera zihoala jakin aurretik nuen taldez aldatzeko asmoa»
Gorka Izagirrek (Ormaiztegi, 1987) Contentpolis-Ampo taldearekin egin zuen debuta profesional mailan, eta ondoren lau urte eman ditu Euskaltel-Euskadin. Kontratua aurten bukatzen zitzaion, baina taldearen desagerpenaren berri izan aurretik, taldez aldatzea zuen buruan.
Zergatik erabaki duzu taldez aldatzea?
Euskaltel-Euskadiko arduradunek taldea desagertzera zihoala esan aurretik, taldez aldatzeko asmoa nuen, baina taldearen desagertzeak erabakia erraztu dit. Euskaltel-Euskadin lau urte neramatzan dagoeneko eta, aldaketei beldurra diegun arren, batzuetan ondo etortzen dira.
Eskaintza asko jaso al dituzu?
Bai, baina duela astebete pasa Movistarren aldeko hautua egin nuen.
Komunikabideek aspaldi iragarri zuten, ordea, zure fitxaketa.
Bai, baina fitxaketa oraindik itxi gabe zegoen.
Zergatik hautatu duzu Movistar.
Talde handia da, eta historia handia du. Urte asko daramatza txirrindularitza munduan. Talde sendoa da eta segurtasun hori erakargarria izan da. Erabaki bat hartu aurretik dena baloratu behar da.
Etxeko taldea da, gainera.
Etxekoa dela esan daiteke. Atzerriko talde batera joateko gehiago pentsatu beharra dago. Egia esan, hasieratik nahiko garbi izan dut zer nahi nuen, eta beraiek ere gauzak garbi esan dizkidate. Gustura nago.
Movistar taldeko arduradunek aipatu al dizute dagoeneko zugandik zer nahi duten?
Egia esan, ez. Beraiekin apur bat hitz egin dut, baina ez horren gai zehatzetaz. Aurki tokatuko zaigu gai horietaz hitz egitea.
Zuk zer nahi duzu?
Euskaltel-Euskadi taldean, azken urteotan, eduki daitekeen egutegi onenetakoa eduki dut. Alde horretatik ez dut inongo kexarik. Egia esan, gaur egun, World Tour sortu zenetik, egutegia oso zabala da, eta denontzako aukerak daude.
Movistar oso talde indartsua da. Euskatel-Euskadin askatasun handia zenuen, baina hemendik aurrera taldeburuentzat lan egitea tokatuko zaizu, beharbada.
Hala da, baina ez da inondik inora ere atzera botatzen nauen gauza bat. Oso argi daukat lan egitea tokatuko zaidala.
Alejandro Valverdek edo Nairo Quintanak lasterketa asko irabazten dituzte, eta halako taldeburuentzat lan egitea esker onekoa al da?
Hala da bai. Movistarren beste txirrindulari on asko daude eta gu gure tokia egiten saiatu beharko gara.
Nola bizi izan duzu Euskaltel-Euskadiren desagerpena?
Alde batetik urrutitik, baina bestetik gertutik. Izan ere, profesional onak diren lagun askoren etorkizuna kolokan dago, eta horrek amorru handia ematen dit. Ea gauzak lehenbailehen argitzen diren. Fernando Alonsok taldea hartzea pozgarria da, baina oraindik ez dute esan nork jarraituko duen eta nork ez.
Zure anaia tartean da.
Anaiaren kasua ez da gehien larritzen nauena, hor ez bada beste nonbaiten tokia egingo baitiote. Hori uste dut nik behintzat. Beste batzuen egoera askoz ere gogorragoa da.
Euskal txirrindularitzak asko galtzen al du Euskaltel-Euskadiren desagertzearekin?
Orain konturatuko gara benetan eduki dugunaren balioaz. Etorkizunean horrelako beste talde bat sortzen bada, beharbada gehiago baloratuko dugu. Ea hemendik urte batzuetara Euskal Herrian Euskaltel-Euskadiren antzeko talde bat sortzen den.