Uraren erromeria
XIX. mendearen erdialdetik aurrera Beasainek hazkunde handia izan zuen biztanleriari dagokionean. Herria ikaragarri handitu zen denbora gutxian, eta eraikuntza kopuruan hazkundea nabaria izan zen. Etxeetako ur hornidura arazo bihurtu zen, eta udalak iturbegiak aurkitzeko ahaleginak biderkatu egin zituen. Gauzak horrela, 1909an, etxeetara ura eraman zuten egunean, festa giroa nagusitu zen, eta aurrerantzean urtez urte uraren erromeria egin zuten beasaindarrek.
Ur hori Argisaingo Santa Marina auzoan (Albizturren) zegoen Zazpi-Iturrietako iturburutik eraman zuten. Aurretik, Zazpi-Iturrietako emaria Sagastigoiti gainean eraikitako ur biltegira bideratu zuten. Erromeria ur biltegiaren inguruetan egiten zuten.
Denborak aurrera egin ahala biztanleriaren hazkundeak ez zuen etenik izan, eta etxeetako hornidura gero eta nekezagoa zen. Zazpi-Iturrietatik urak eraman zirenean baino 2.000 biztanle gehiago zituen Beasainek 1948an. Hori dela eta, iturbegien bila aritu ziren etengabean. Beranduago, ur hornidura sareak zaharberritu eta zabaldu zituzten. Ataundik, Aia-Iturrietatik, ura Beasainera, Lazkaora eta Ordiziara banatzeko zentroa Lazkaomendiko errepidean kokatu zuten. Honek guztiak ur premia arindu zuen.
1972an Larretxeka, Iturbeltz, Tellerierreka , Garingoerreka eta beste zenbait errekasto egindako ur-hartuneak erosi zituzten, eta ubide batetik Gudugarreta auzoan eraikitako biltegira eraman zuten.
‘Zahori’ tolosarra
Biztanleriaren hazkundeari kontsumoaren gorakada gehitu zitzaion, eta iturbegiez gain sakonean zeuden urak bilatzeari ekin zioten, ur emaria ahal beste handitzeko. 1984an udalak Felipe Unamuno tolosarraren zerbitzuak kontratatu zituen. Ur-bilatzailea zen, zahori-a gaztelaniazko adieran. Makinetxe inguruan lurrazpiko hiru korronte aurkitu zituen. Urte hartan amaitutzat eman zituzten ur horniduraren arazo premiazkoenak.
80ko hamarkadan Gipuzkoa Uren Partzuergoaren sorrera gorpuzten ari zen, gerora lurraldeko uren kudeaketa egingo zuena. Aldundiaren ekimenez 1987an Lareoko urtegia eraikitzen hasi ziren, eta. 1991an Arriarangoaren txanda iritsi, eta Nestor Basterretxearen eskultura eta guzti, urtegi horrekin amaitu ziren behin betiko Goierri beheko herrietako ur hornidura arazoak.
Informazio hau guztia Josetxo Zufiaurrek zabaldu, bildu eta kontatu du orain gutxi Igartza jauregian ikusgai egon den argazki eta dokumentu erakusketan.