Gerra bizi zuten emakumeei buruzko dokumentala egin dute Seguran
Herritar talde batek, Parekidetasun batzordearen eta Farapi enpresaren laguntzarekin, gerra eta gerra ondorengo urteak bizi izan zituzten emakumeei buruzko dokumentala egin du. Etzi aurkeztuko dute, 12:00etan, Segurako kultur etxean. Dokumentalean herriko bost emakumeren testigantzak jaso dituzte: Joxepa Arrondo, Maria Arrondo, Maria Alustiza, Margarita Telleria eta Pilar Mujikarenak. Igandeko ekitaldian bostek parte hartuko dute. Eskerrak eta lore sorta bana emango dizkiete.
Lanak Amantalek ixilean daramaten gerra du izenburua. Izan ere, egitasmo honen helburua emakumeek urte haietan egindako lana aldarrikatzea da. «Ekimen honek bi helburu ditu. Alde batetik, gerra eta gerra osteko istorioak jasotzea. Izan ere, dagoeneko garai hura bizi izan zuten asko hil egin dira eta lan hau lehenbailehen egitea komeni da. Bestalde, hemen gelditu eta herria aurrera atera zutenei ez zaie orain arte merezitako esker ona azaldu. Emakume hauen lana goraipatu beharra dago», aipatu du Idoia Lopetegi zinegotziak.
Horretarako, lan talde bat osatu, Foru Aldundiaren Berdintasun sailaren diru-laguntza lortu eta Farapi enpresarekin harremanetan jarri ziren. Ondoren, 80 urtetik gorako emakumeen zerrenda osatu zuten eta beraiengana jo zuten. Horietako bostek baiezkoa eman zuten. Eurei egindako elkarrizketekin 40 minutuko dokumentala osatu dute.
Igandean estreinatuko dute. Ondoren, herriko ikastetxeko ikasleekin eta gazteekin landuko dute. Helburua hamarkada haietan gertatu zena ahalik eta herritar gehienengana helaraztea da.
Urte haien gogortasuna izango dute hizpide bost emakumek: «Goseaz, kontrabandoaz eta kanpoan zeuden senitartekoen gutunak jasotzen ez zituztenean bizi zuten ezinegonaz hitz egin dute, besteak beste».
Miseria nagusi
Farapiko Nerea Eliasek dokumentalean gehien aipatzen duten hitza «miseria» dela gehitu du. «Baserritarrek, ekoizten zutenaren zati bat eman behar zuten. Hala, txahala eta barazkiak ezkutatzen ibiltzen ziren. Kaletarrak baserritarrak baino okerrago bizi ziren oraindik. Guztiek errazionamendu-liburuxka eta ogi beltza gogoratzen dituzte, eta ez zegoela jaterik kontatzen dute. Eurek egin zutenak ez duela garrantzirik uste dute, baina sekulako estrategak ziren. Oso gutxirekin euren familiak aurrera ateratzea lortu zuten».
Eliasek bost emakume segurarren testigantzak oso baliotsuak direla azpimarratu du. «Dokumentala oso polita eta aberasgarria da, bost emakumeek ezberdin bizi izan baitzituzten urte haiek eta bakoitzak gauzak kontatzeko modu bat baitu: batek modu hunkigarrian, besteak ironiaz…».
Bukatzeko, egitasmoan parte hartu duten segurarrei eskerrak eman nahi dizkie udalak. «Euren laguntzarik gabe, egitasmo hau ez zen aurrera aterako. Eurek lortu dute bost emakumeek baiezkoa ematea eta gidoia idazten lagundu dute».