Harrikalariak harrika
Bihar, hilak 28, festa egun garrantzitsua dute ormaiztegiarrek: San Migel. Herriko jai nagusietarako bi hilabete falta badira, festa giroan murgilduko dira harrikalariak. Egun bete-betea dute, goizean goizetik hasita.
San Migel festako ekitaldirik bereziena harrikalari txapelketa izaten da. Ormaiztegiarrek harrikalari ezizena daukate, mitoak dioenez, ormaiztegiarrak tren zubia harriz zeharkatzen saiatzen zirelako. Ezizenari ohore eginez, harrikalari txapelketa egiten dute Berjaldegiko zelaian. Aurten hemezortzigarrenez jokatuko dute. Adinez nagusia den lehiaketak badu berrikuntza bat: Emakumezkoen I. Harrikalari Txapelketa. «Orain arte emakumezko batzuk parte hartu izan badute ere, emakumezkoen parte hartzea bultzatu nahi dugu, beraientzako ere sariak jarrita», dio Iñigo Mendia zinegotziak. Aurten, beraz, bi sailkapen egongo dira: emakumezkoena eta gizonezkoena. Bi txapeldunek garaikur bana eta harriaren pisua txuletetan jasoko dute. Azpitxapeldunek, berriz, garaikur bana eta harriaren pisua odolkitan.
2,080 kiloko harria
Cantabriatik ekarritako 2,080 kiloko harria izaten da botatzen dutena. Orain arte, Borja Irizarrek bota du urrutien: 28,95 metrora. Harrikalari bakoitzak bere estiloa du. «Beti esaten da 45 graduko tiraldia dela onena. Batzuk eskubaloiko estiloa daukate», dio Mendiak.