Ikasle Abertzaleak, berriro lanerako prest
80ko hamarkada amaieran gazte ezkertiar eta abertzaleek Ikasle Abertzaleak sortu zuten. Urte luzetan gogor borroka egin ondoren, taldeak makalaldia izan zuen Goierrin. Iaz Goierri garaian susperraldia izan zuen eta duela bi aste Goierri beheko taldea aurkeztu zuten. Goikoek eta behekoek elkarrekin lan egingo dute.
Dagoeneko bigarren hezkuntzako ikastetxe ia guztietan taldeak presentzia du: Lazkaoko San Beniton, Beasaingo Txindokin, Ordiziako Goierri Eskolan, Oiangurenen eta Jakintzan eta Urretxuko Joxe Mari Iparragirren eta Lizeoan.
Ikasle Abertzaleakeko ordezkarien ustez, gazteen artean denetik dago. «Jendeak badaki boterean daudenek hartzen dituzten erabakiak kaltegarriak direla, baina oraindik bizi kalitate ona dugu eta ez dira asko inplikatzen. Dena den, batzuekin sorpresa pozgarriak hartu ditugu».
Gainera, Goierrin inplikazioa beste eskualde batzuetan baino handiagoa dela diote. Azken hilabeteotan talderako jendea lortzen saiatu dira eta gustura daude lortutako emaitzarekin. «Hasieran ezagunengana jo dugu eta, hala, eskola ia guztietan taldetxoak sortu ditugu», azaldu dute.
Aurtengo helburuetako bat Lomce legeari aurre egitea da, baina helburu nagusia euskal eskola nazionala erakitzea da. «Lehen hilabeteetan, abendura arte, formakuntza landu behar dugu, batez ere. Izan ere, jendeak ez dauka barneratuta egoera zein den».
Horretaz gain, jai egun arrozei boikota egin behar diete. Urriaren 12an manifestazioa egingo dute Bilbon Lomce ez! Euskal Herrian gure hezkuntza sistema eraiki! lemapean eta abenduaren 6an eskolara joango dira. Oso argi dute Lomce legea «oso kaltegarria» dela klase eta nazio ikuspegitik. Baita ikuspegi feministatik ere.
Etorkizuna beltz ikusten dute. «Animaliak bezala nahi gaituzte, eskubiderik gabe. Lan arloan aukera gutxi daude eta soldatak kaxkarrak dira. Irtenbidea jendea kontzientziatzea eta denok elkarrekin borrokatzea da».