«Krisiari aurre egiteko ideia polita iruditu zitzaigun»
Krisi garaiako testuingurua ez da garai alaia, baina aukerez jositako sasoia ere izan daiteke; esate baterako, negozio berriak sortzeko garaia. Horri irtenbidea emateko eta krisi gordinari aurre egiteko zabaldu zuten Unai Mujikak (Beasain, 1979) eta Pedro Luis Perezek (Beasain, 1963) Usurbe Oilaskoak izeneko negozioa.
Mujika eta Perez dira negozioko bazkide eta arduradun bakarrak; bakoitza negozio erdiaren jabea da, eta Perezen iloba aritzen da langile gisa. Uztailaren 10ean ekin zioten oilasko erreak saltzeari. Krisiaren ondorioz, lanik gabe geratu ziren biak, langabezia saria ere amaitu egin zitzaien, eta egoera horri aurre egiteko ekin zioten ofizioari. «Lanik gabe dagoen jendeari gomendatuko nioke lo ez gelditzeko; gauza ugari dago egiteko, eta arriskatu beharra dago; etxean geratuta ez dago ezer egiterik, dirua ez da zerutik erortzen».
Ofizio honekin hasi aurretik, Perezek Gruas Alonson lan egin zuen 25 urtez, eta Mujikak eolikoen enpresa batean, galdaragintzan zein merkatari gisa. «Ahal den lekuan», dio Mujikak.
Oilasko erreen salmentarekin hasi aurretik, beste hainbat ideia ere jarri zituzten mahai gainean: Ogi berri bat zabaltzea, garbitegi bat sortzea, Senegalera autoen piezak eramaten hastea… Aukera askoren artean, oilaskoak saltzea erabaki zuten, besteak beste Perezi, duela pare bat urte, horren antzeko negozio bat ikusi eta ideia polita iruditu zitzaiolako.
Mujikak Interneten ikusi zuen Iruñean oilasko erreak saltzeko prestatutako furgoneta bat salgai zegoela, eta hura ikustera joan zen, egungo bazkidearekin batera.
Furgoneta, egoera kaskarrean erosi zuten, eta berriztatu egin behar izan zuten: garbitu, gauza batzuk desmuntatu eta berriro muntatu, lanpara guztiak aldatu, instalazioak egokitu, margotu… «Dena berritu behar izan genuen, kanpotik eta barrutik», azaldu du Mujikak. Beasaindar batek margotu zuen furgonetaren zatirik handiena. Atea, pintzelarekin margotuta dago, Txisko Ordiziako margolariak pintatu zuen.
Oilasko salmenta tren geltokiaren aurrean egiteagatik zerga bat ordaintzen dute, «txurro saltzaileek jaietan egiten duten moduan».
Bezero kopururik handiena asteburuetan izaten dutela azaldu dute: «Gehienak ostiral iluntzeetan, larunbatetan eta igandeetan etortzen zaizkigu».
Haztegietako oilaskoak saltzen dituzte, oilasko zuriak. «Oilasko hau biguna da, eta jendeari asko gustatzen zaio». Joan den larunbatean, %65 artoarekin egindako oilaskoak saltzen hasi ziren.
Jendeak oilaskoak enkargatzeko aukera dauka, bertatik edo etxetik deituta, eta ondoren bila pasatu daiteke.
Etorkizunera begira
Oraingoz, ez dute aldaketarik egiteko asmorik, gerora begira. Oilaskoekin batera untxi erreak saltzea pentsatzen aritu dira, baina leku gehiago beharko lukete. Eta beste alde txar bat ere ikusten diote: «Oilaskoarekin untxia sartzeak oilaskoaren saltsari kalte egingo lioke eta jendea oso gustura dago saltsa horrekin».
Beasainen bertan, oilasko erreak saltzeko lokal bat irekitzea ere ez dute baztertzen. Bertakoak dira bezero gehienak, eta haiek lagundu diete negozioa aurrera ateratzen. Lokala Beasainen zabaldu eta furgonetarekin herriz herri ibiltzea da etorkizunerako ideietako bat.