«Lehen haurrek Bartzelonaren kamiseta janzten zuten eta egun Realarena»
Sara Gonzalez (Segura, 1962) Idiazabalgo Realaren Lagunak taldeko kidea da. Talde txuri-urdina Champions League lehiaketa ari da jokatzen aurten eta Gonzalezek Manchesterrera joateko asmoa du, Manchester United taldearen aurkako partida ikustera.
Nolatan Realzalea?
Seguran jaio nintzen, baina Idiazabalera ezkondu. Bertan Batzoki taberna hartu nuen. Beti izan naiz Realzalea, baina hemen jarraitzaile sutsuagoa bihurtu nintzen. Izan ere, Idiazabalen Realzale asko daude. Partidak ikusteko elkartzen ginen eta, hala, 1990ean, Realaren Lagunak taldea sortu genuen.
Zeintzuk dira urtean zehar antolatzen dituzuen ekitaldiak?
Urtero bidaia bat antolatzen dugu: Realaren partida bat ikustera joaten gara eta, bide batez, aste bukaera etxetik kanpo pasatzen dugu. Bestalde, urtero Realeko jokalari bat omentzen dugu. Iaz David Zurutuza omendu genuen eta aurten Agirretxe, Zubikarai, Garmendia eta Agirre. Realeko jokalari bat Idiazabalera etortzen den bakoitzean, zoramena izaten da. Gainera, 2005ean Realaren lagun taldeen topaketa antolatu genuen.
Nora joan zarete aurten?
Aurten ez gara oraindik inora joan. Gure asmoa Manchesterrera joatea da, Realak bertako Manchester United taldearen aurka jokatuko duen partida ikustera. Ea lortzen dugun. Joan beharra dugu, halako aukerak gutxitan suertatzen baitira.
Bazkidea al zara?
Bai, noski. Dena den, ez dut Realak Donostian jokatzen dituen partida guztietara joaterik. Igandetan jokatzen dituen partidetara joaten naiz. Zorionez, senarra ez da ni bezain zalea. Bera ehiztaria da. Bera igande goizetan ehizera joaten da eta ni igande arratsaldetan futbolera.
Reala modan dago.
Geroz eta zaletu gehiago ditu. Duela urte batzuk ez zen Realaren kamisetarik ikusten kalean. Lehen haurrek Bartzelona taldearen kamiseta janzten zuten eta egun Realarena, eta horrek asko pozten nau. Haurrak dira etorkizuneko zaletuak eta Bartzelona nahiago zutela ikustea penagarria zen.
Zein da ikusi duzun partida gogoangarriena?
Lyongo Olympique taldearen aurka jokatu zuen bigarrena. Sekulako partida jokatu zuen eta Anoetan giro aparta egon zen.
Zein da Realak eman dizun pozik handiena?
Lehen Mailara igo zenean sekulako poza sentitu nuen. Unerik gogorrena, berriz, Bigarren Mailara jaitsi zenekoa da.
Zein duzu gustuko jokalaria?
Seferovic, Vela, Griezmann… eta Bravo, noski. Nire ustez, munduko atezain onena da. Ez nuke Casillas edo Valdesengatik aldatuko. Realeko jokalari guztiak ditut gustuko. Xabi Alonso, Kodro eta Lopez Ufarterekin ere argazkiak atera nituen.
Zein da jokalari jatorrena?
David Zurutuza oso jatorra da. Idiazabalgo haurrekin primeran portatu zen. Xabi Alonso ere oso mutil jatorra da.