Lizarrustiko txondorretik ikatza bihar aterako dute, festa giroan
Aralarren ikazkintzaren oihartzunak entzungo dira, atzera. Lizarrustiko parketxearen alboko txondorra bihar irekiko dute, irailaren 22tik piztuta eduki ondoren. Festatxoa antolatu dute, bertsolari, musikari eta bazkariarekin.
Bihar eguerdian zabalduko dute txondorra, 12:30a inguruan. «10-12 bat zaku ikatz» beteko dituzte, Lizarrustiko parketxearen arduradun eta txondorraren koordinatzaile Joxe Ramon Agirre Marron-ek aurreratu duenez. Eneko Lazkoz eta Aitor Sarriegi bertsolariak ariko dira aurretik. 13:00etan, Ataungo hiru neska txalapartariren saioa, eta Oiartzungo Zero Sette akordeoi orkestrako hamabi soinu jotzaileren emanaldia izango dira.
Goizean, mendi buelta egiteko aukera izango da. 10:30ean, Akerreta ingurura txango gidatua antolatu du Parketxe Sareak, antzinako txondor plazak, pagomotzak eta basoak ikusteko.
Lizarrustiko aterpetxean bazkari berezia izango da, 14:00etan. Ikazkinen tradiziozko menua emango dute: baratzuri zopa, indabak eta gaztanbera. Aurrez erreserbatuta, 15 euro da; bertan ordainduta, 17 euro. Arratsaldea bertsolariek eta soinu jotzaileek girotuko dute.
Marron bera izan da Lizarrustiko txondorraren burua. «Txondorra bero dago oraindik, 300-400 bat gradu daude barruan. Bere denbora beharko du hozten», azaldu du. Hiru asteotan taldeak hartu dituzte —atzo bertan bat—, txondorra ikusteko.
‘Marron’, txondorgintzan murgilduta
Quifosa lantegi zenaren ingurutik ateratako pago bat erabili dute, denera 10-12 tona egur. Hortik, 2.000 kilo inguru ikatz ateratzea espero du Marronek. Ataungo sagardotegitik eta Lakuntzatik eskatu diote, baita norbanako askok ere, parrilletarako eta.
Ikazkintza «gainean egon beharreko» lanbidea dela dio Marronek. «Lanik handiena prestatzeak du. Baina gero ere 24 orduetan zaindu behar da. Gainera, hego haizea izan dugu, eta susto pare bat eman dizkigu. Ezin da despistatu, ikatz ona atera nahi bada». Emaitza itxurosoa izango dela uste du: «Lehengoan azala garbitu genion txondorrari, freskatzeko. Itxura polita du ikatzak».
Ataungo lagun talde baten laguntza izan du, «bakarrik ezinezkoa baita». Dozena bat ataundarrek parte hartu dute langintzan: «Alboko laguntza asko izan dut. Fermin Jauregi, Pello Agirre, Jabi Agirre, Koli Aierbe, Mitxel Auzmendi, Bittor zaldibiarra, Karni, Jon Lasa, Jon Ander Senar, Iñaki Aierbe… Baten bat ahaztuko zait, baina zerrenda luzea da. Sagardotegikoak, gazte talde bat ere bai… Herritar asko».
Ikusiaren eta arituaren poderioz ikasi du txondorra egiten Marronek. «Duela urte batzuk San Gregorion egin genuen, lagun talde hori bera ibili ginen. Iaz, Oiartzunen egin genuen, nik koordinatuta. Bi txondorgile oiartzuar eskarmentudun jardun ziren. Ikusi eta ikasitakoaren arabera, Lizarrustin egiteko ideia sortu zitzaidan. Lehengo ohitura zaharrak bizitu eta ondo pasatzea da helburua. Ikasi ere egiten da».