Proiektuaren egileak atzo arratsaldeko aurkezpenean.
Ordiziaren sorrera, historia, pertsonaiak, goegrafia, ingurunea, lanbideak eta azoka dira, besteak beste, sortu dituzten unitate didaktikoetan jasotzen diren gaiak. Modu grafiko, erakargarri eta ulerterrazean, hiru liburu sortu ditu Ordiziako Udaleko Euskara Zerbitzuak Ordiziari buruzko ezagutza zabaltzeko.
Ordizia: kilo bat istorio. Lehen hala, orain hola, gero ez jakin nola; Ordizia: gure herriaren eraldaketa. Atzeak erakusten du nola dantzatu aurrea; eta
Ordizia: gu egile, gu eragile. Lehenaldia historia da, eta misterioa etorkizuna, baina orainaldia oparia da dira hiru aleen izenburuak.
Belen Maiza Ordiziako Udaleko ordezkariak; Pantxike Agirre, Lurdes Mujika eta Patxi Zubizarreta edukien egileek; proiektuaren koordinazioaz eta webguneaz arduratu den Iametza enpresako Joxerra Aipzuruak; eta Rosa Montesek eta Amaia Aierrak, Urdaneta ikastetxeko eta Jakintza Ikastolako zuzendariek hurrenez hurren, hartu zuten parte atzo arratsaldean Barrena Kultur Etxeko areto nagusian egin zen aurkezpenean.
2010ean
Ordiziako leku-izenak liburua argitarau eta gero, egindako ikerketa horren emaitza zabaltzeko bideei buruz hausnartzen hasi ziren udaleko Euskara Sailean. “Azken batean, Ordiziako toponimiaren sozializazioa eta hedapena daude hiru unitate didaktiko hauen oinarrian. Toponimia liburu hura argitaratu zen, baina horren dibulgazioa beste formatu batean egin behar zela ikusten genuen”, azaldu zuen Belen Maiza zinegotziak.
Ikastetxeekin harremanetan jarri eta lantalde bat sortu zuten. Hala, ikastetxeek proposatutako beharren arabera osatu dira liburuen eukiak eta sortutako material guztia ere ikastetxeek kudeatuko dute. Hala ere, unitate didaktiko hauek erabilera zabala izan dezaketela nabarmendu zuen Maizak.