Altuera jauzian.
Kultur astea ospatzen ari dira Legorretan asteazkenaz geroztik. Aurreko urteetan bezala, kantu-jira, kaleko atletismo erakustaldi, ibilgailu zaharren erakusketa eta herriko mus txapelketarik ez da falta izan egitarauan.
Gaur, larunbata, hainbat kultur ekitaldi dituzte egun osoan zehar. Eguerdian, esate baterako, kaleko atletismo erakustaldia egin dute, hirugarrenez. Ikusle ugari inguratu da Txindoki-Jaso atletismo taldeko atleten jarduna ikustera Legorretako frontoira.
Bazkal aurrean, berriz, jubilatuen txanda izan da pote, igel eta toka txapelketarekin. Gaur gauerako gorde dute kultur asteko ekitaldi garrantzitsuetako bat. Herri Zineman II. Aitzol Aramaio film laburren lehiaketako lanen emanaldia eta sari banaketa egingo dute. Lau dira Aramaio zuzendari bizkaitarraren izena duen lehiaketarako aukeratu dituzten lanak.
Hala ere, Legorretatik kanpora ere ohiartzuna duten beste hainbat ekitaldi ere jaso ditu kultur asteko egitarauak. Hain justu ere, atzo Legorparty informatikazaleen topaketari hasiera eman zioten Patxi Ezkiaga kultur etxean; bihar iluntzera arte luzatuko da. Atzo goizean bertan egin zuten elkartasun azoka ere. Legorretarrek doan emandako bigarren eskuko gaiak saldu zituzten. Bildutako dirua, berriz, garapen bidean dauden herrialdeetan proiektuak bultzatzera bideratuko dute.
EGITARAUA
Gaur
- 20:00. II. Aitzol Aramaio film laburren lehiaketako lanen emanaldia eta sari banaketa, Herri Zineman.
Bihar
- 10:00-18:30. Ibilgailu klasikoen II. topaketa, Kale Nagusian.
- 11:30. Partaideentzat hamaiketakoa.
- 14:00. Bazkaria Bilkoin Elkartean.
- 18:00. Sari banaketa.
- 20:00. Legorparty topaketaren amaiera.