Zaldibiako erakustaldian Aitor Urien abadiñoar gaztea “Nabarro” txakurrarekin lanean.
Ardiki Egunaren bezperan, artzain txakurren erakustaldia egin dute gaur arratsaldean Zaldibiako Mugertza baserriko zelaietan. Goi mailako txakurrak aritu dira, herrialdekako txapelketak irabazitakoak horietako hiru. Ikuskizunean artzain txakurren lehiaketetan dabilen goierritar apurretako bat izan da bertan, Aitor Tato ataundarra,
Argi zakurrarekin.
Hainbat ariketa egin behar izan dituzte txakurrek artzainen esanetan; jarritako ibilbideari jarraitu, agindutakoan geldialdia egin, artaldea artzainarengana eraman, hesian pasatu eta artegira eraman, besteak beste. Eguraldia lagun, jendea ere inguratu da Mugertzako zelaietara artzain eta txakurren ikuskizunaz gozatzera.
Bihar, egun handia
Urriko azken igandero bezala, Ardiki Eguna egingo dute bihar Zaldibian. Egun osoko egitaraua prestatu dute artzainen lana omenduz. Artisautza erakusketa, ganadu feria nahiz trikitilari eta txistularien kale animaziorik ez da faltako. Edonola ere, biharko protagonista nagusia mondeju zuria izango da. Hemeretzigarren aldiz egingo dute mondeju onena aukeratzeko lehiaketa eguerditik aurrera. Aralarko gazta lehiaketa ere egingo dute, hamaseigarrenez. Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso arituko dira jaiari umore puntua jartzen.
BIHARKO EGITARAUA
- 10:30. Goiz eresia: herriko txistulari taldea, Xapre trikitilaria, Juan Mari Beltran, Astiazaran aita-alabak eta Hernaniko musika eskolako albokariak, dultzaineroak eta txistulariak.
- 10:30. Artisautza erakusketaren hasiera: ardi gazta eta mondejua egiten, artilea lantzen, galtzerdi egiten, ehundegia, saskigilea…
- 10:30. Ganadu erakusketa: latxa ardiak, ahuntz azpigorriak, pottokak.
- 12:00. Zaldibiako XIX. Mondelu lehiaketa eta Aralarko XVI. Gazta lehiaketa. Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsotan.
- 13:30. Sari banaketa
- 14:30: Bazkaria, herriko jatetxeetan (ardikiak).
- 19:30: Lagunarteko kalejira.
- 21:30. Bukaera