Jose Antonio Pagolak (Añorga-Gipuzkoa, 1937) Eliza Kristauak egun duen erronkarik handiena bere ustez zein den azalduko du bihar, 20:00etan, Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Urretxuko Irimo pastoral barrutiak antolatu du hitzaldia. Barruti honek Urretxuko bi parrokiak eta Zumarragako Agiñagako zein Aizpurutxoko baselizak hartzen ditu. Pagolaren mezuan sakontzeko grinak bultzatuta antolatu dute gaurko hitzaldia. Pagolak Jesusen figura eta mezua izango ditu hizpide, egungo krisiarekin lotuko du mezu hori eta Francisco Aita Santuari buruzko hitz batzuk esango ditu.
Martxan da Urretxun Urrelur XXVI. Mineralogia eta Paleontologia Astea. Ikastetxeentzako eta interesa duen ororentzako gaurtik hasita bisita gidatuak egiten ari dira asteburura bitartean Urrelur museoan. Horrez gain, hiru erakusketa monografiko antolatu dituzte, Urrelur museoan, udaletxean eta Juan de Lizarazu erakusketa gelan daude ikusgai eta bulkanismoari buruzko hitzaldia eskainiko du bihar Txema Hernandez adituak. Amaitzeko, aste honetako ekintza nagusia asteburuan burutuko da mineral, fosil eta harribitxiekin Ederrena pilotalekuan egingo den XXVI. azoka izango. Haurrentzako parkea ere antolatuko dute azokak irauten duen egunetan.
Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak dio Xabier Leteren poemak. Enbor beretik sortuak dira adimen urritasuna dutenak eta letra larriz idatzitako gizarteak ezberdina baztertzeko joera badu ere, egunerokotasunetik eta gertutasunetik elikatzen den gizartean bestelako hartu emanak sortzen dira. Erakundeak zein elkarteak aspaldi ari dira Goierrin bazterketaren aurpegi ezberdinei aurre egiten. Orain gutxi Atzegik Guztiok dugu gure papera, aurkitu zurea! kanpaina aurkeztu du.
Beasaingo Udazken Kulturalaren barruan, Aurtzaka dantza taldeak urteroko saioa egin zuen hilaren 19an, Gernika pasealekuko frontoian. Zuzeneko musikaz lagunduta, urtean zehar egiten duten lanaren laburpen moduko bat egin zuten dantzariek. Publiko aldetik ere saio jendetsua izan zen. Aurtzaka taldeak berak zabaldutako bideo honetan, saioaren laburpen bat jaso dute.
Urretxuko Urrelur museoa ez da museo handia, Aizpuru-enea kultur etxean bertan du egoitza, eta ez dago langilerik museoa zaintzeko. Azken urteotako museo handien eta ikusgarrien eredutik oso urrun dago Urretxukoa, eta akaso, hori da bere arrakastaren sekretua. 1987an museoa ireki zutenetik Urretxu mineralekin, fosilekin eta harribitxiekin lotu da; horrenbestez, herria ama lurrean errotu da eta harriek gordetzen duten memoria gogora ekarri dute. Museoaren genesiak abizen bat itsatsita dakar, Aguado familiarena, hain zuzen.