Idiazabal, bizi-emaileen topaleku
Aurreko igandean Goierri beheko eta garaiko 135 odol-emaile elkartu ziren Idiazabalen. Lehenengo aldia izan da batzar nagusia Idiazabalen egin dutela, eta Javier Sanchez bertako odol-emaile elkarteko arduradunak bereziki nabarmendu du Ioritz Imaz alkateak ekitaldian botatako bertsoa: «Barruraino iritsi zitzaigun; odol-emaileak bizi-emaileak garela esan zuen».
Odol-emaileei dominak banatu zizkieten. Ateraldien arabera 25, 40 eta 50 ateraldi saritzen dituzten dominak jaso zituzten emaileek. «Aitortza berezia egin genien 100 ateralditik gora egin dituzten emaileei», dio Sanchezek.
Txalapartak harrera egin zien odol-emaile goierritarrei, jarraian Imazen bertsoa entzun zuten eta Axari dantza taldeko kideen dantzekin gozatu zuten.
Gazteen premian
Ekitaldia amaitu zenean Idiazabalgo tabernetan poteoan ibili ziren eta ondoren Olaberriako jatetxe batean lagun arteko bazkaria egin zuten.
Sanchez pozik agertu da ekitaldia Idiazabalen egin izanagatik. Urtean hiru ateraldi egiten dituzte bertan, eta laugarrena egin dadin eskatzen ari dira. Azkeneko ateraldian 84 emaile bildu ziren, inoiz baino gehiago. «Gure emaile gehienak helduak dira eta gazteen premian gaude. Beldur direla esango nuke, eta beldur horren aurrean odolak bizia ematen duela gogoratuko nieke».