Jon Mallet irristalaria gustura da Kopenhageko esperientziarekin
Ia hiru aste igaro dira Jon Mallet irristalari itsasondoarrak Kopenhagen (Danimarka) Europako WITP skate txapelketan parte hartu zuela. Hamasei urtez azpikoen mailan lehiatu zen, eta 32. postuan bukatu zuen. Denera 200 irristalarik parte hartu zuten, hamasei herrialdetakoak. Goierri Roller Skate Klubeko kide bat halako lehiaketa gorenean izan den lehenbiziko aldia izan zen, urriaren 12an. Esperientziarekin «liluratuta» itzuli da Mallet.
«Harrigarria iruditu zitzaidan Europako lehiaketan aritzea. Munduko onenak aritu ziren. Urteroko lehiaketa da. Futbolean, Camp Noun jokatzea bezalakoa da, Messi edo Cristiano Ronaldo lirateke hango onenak», dio Malletek, Lazkaoko skate parkean.
Kopenhagera joateko lehen hautagaia Beni Laver beasaindarra zen, baina hark joan ezin, eta «pribilegioa» iruditu zaio Malleti aukera. «Asko ikasi dut: hemen egiten ez nituen gauzak, truku berriak, barandillari ematen…».
Skatean ondo aritzeko giltza «txikitatik hastea» dela dio itsasondoarrak. «Ikaragarrizko maila ikusi dut. Bost urterekin hasitako haurrak, hamarrekin harrigarri ibiltzen dira. Hemen asko dago egiteko oraindik».
Malleten bidaiak eragina izan du, klubean hamar lagun gehiago direlako orduz geroztik, 30 orain.