2014ko ordenantza fiskalek %1,7ko igoera izango dute orokorrean Legazpin
2014rako aurreikusitako ordenantza fiskalak onartu ditu Legazpiko udalbatzak urriko osoko bilkuran. Herritarrei eragingo dieten zergen eta tasen zenbatekoak Bilduren aldeko botoekin onartu dituzte. Gainerako alderdiek kontra bozkatu dute. Orokorrean, %1,7 egingo dute gora ordenantza fiskalek, Kepa Urtzelai alkateak zehaztu duenez «Gipuzkoako, Arabako, Bizkaiko eta Nafarroako abuztuko KPIaren batez bestekoa» aintzat hartuta.
Salbuespenak egon badaude ordea. Zergei dagokienean, ondasun higiezinen gaineko zergan «etxebizitza arruntena mantendu egingo da, industrialak %10eko igoera izango du eta landa eremukoak %1,7koa». Ohiko etxebizitzak ez direnen kasuetan jabeei «%50eko gainordaina» ezarriko zaie, ezaugarri bereziak dituzten etxebizitzetan izan ezik.
Oposizioa kontra agertu da
Jarduera ekonomikoen eta ibilgailuen gaineko zergari KPIaren igoera bera aplikatuko zaie. Mantendu egingo dira, aldiz, eraikuntza instalazio eta obren zerga eta salerosketari dagokiona.
Tasei dagokienez, orokorrean KPIa igoko da guztietan. Zaborraren kasuan %5 igoko da «nahiz eta Sasietak %8ko igoera proposatu». Errefusa herri gunera eraman behar duten landa eremuko bizilagunei «%20ko hobaria» ezarriko diete. Haurren uda ikastaroak «%11,1eko igoera izango du» eta mantendu egingo dira Meazti etxeko tasak eta irekiera jarduera lizentziei dagozkionak.
Hamaikabat (H1!) alderdiko Arantxa Arizmendik bere alderdiaren kontrako bozka argitu zuen. Jarduera industrialari ondasun higiezinen zergan %10 igotzea «gehiegizkoa» dela esan zuen. Kontutan hartuta igoera erreala «%19koa izango dela» Izan ere, administrazio akats bat tarteko 2013ko ordenantza fiskalak ez dira aplikatu aurten, ondorioz, datorren urtean bi igoerak batera emango dira.
Iritzi berekoa da PSE-EE alderdiko Oscar Valbuena ere. Gainera, ohikoak ez diren etxebizitzei «%50eko gainordaina ezartzea gehiegizkoa» dela esan zuen, baita zaborraren tasa %5 igotzea ere. Amaitzeko, ibilgailuen zerga «errenta baxuenak dituzten herritarrei izoztea gustatuko litzaiekeela ere gehitu zuen.
Bi mozioak onartu dituzte
EAJ alderdiko Javier Iraetak beraien hasierako proposamena «KPIaren igoera %1,6an ezartzea» izan dela jakinarazi zuen, eta igoera hori aplikatzea jarduera industrialei higiezinen gaineko zergan. Eta ibilgailuen eta jarduera ekonomikoen gaineko zerga bere horretan mantentzea.
Bestalde osoko bilkuran Agitax Gipuzkoako taxilarien elkarteak taxien zerbitzuan 2014rako proposatutako %2,2ko igoera onartu zuen udalbatzak aho batez. Eta PSE-EEk eta Bilduk osoko bilkurara eramandako bi mozio ere onartu ziren. PSE-EErena osasungintzan egingo diren murrizketen eta errezeten berrordainketaren aurkakoa aho batez onartu zen. Bilduk epaiketa politikoen aurka aurkeztutakoa, aldiz, Bilduren eta H1!-en aldeko botoekin onartu zen. PSE-EE eta EAJ abstenitu egin ziren.