Beasain, Ordizia eta Lazkaoko ikastoletako ordezkariak eta AEK-koa prentsaurrean.
Nafarroa hegoaldeko euskalgintzari bultzada eman eta, bide batez, eremu horretan ekoizten diren produktuak Euskal Herri osora zabaltzeko asmoz, Errigora ekimenaren bultzatzaileek Nafar Hegoaldeko uzta, euskarari puzka kanpaina jarri dute martxan. Errigora, Ikastolen Elkartea, Sortzen-Ikasbatuaz eta AEK ari dira egitasmo honetan elkarlanean.
Aste honetan bertan Urretxu-Zumarragako Ikastolak bat egin du ekimenarekin; gaur, Goiztir AEK, Beasaingo Andramendi Ikastola, Ordiziako Jakintza eta Lazkaoko San Benitok iragarri dute ekimenean parte hartuko dutela.
Nafarroa hegoaldeko produktuz osatutako saski bat osatu dute nahi duenak eros dezan, lortutako diruaren %25 bideratuko da euskalgintzara. Zehazki Lodolako Ikastolara, Euskaraz bizi eta ikasi ekimenera eta Erriberako helduen euskalduntzea mantendu eta zabaltzera bideratuko dute. Saskia osatzen duten produktuen artean daude bi olio botila (bat ekologikoa), hiru piper poto (bat ekologikoa), potxak, kardoa, borraja, orburuak, bi zainzuri lata, tomate-pikillo saltsa ekologikoa eta barazki krema ekologikoa. “Kalitate bikaineko produktuak dira, bertan ekoiztuak”, azaldu du Nekane Munduate Goiztiri AEK-ko kideak. Saskiaren salneurria, 50 eurokoa da, “merkatuko prezio bera”. “Herritarren lanari esker, bildutako diruaren laurdena euskalgintzara bideratuko da”, azaldu du. Erosi nahi duenak azaroaren 14era arteko epea du eskaria egiteko AEKren egoitzetan edo aipatutako ikastoletan.
Ekimenean edozeinek parte har dezakela nabarmendu du Munduatek. “Saskia eduki eta kudeaketa ere egin dezakezue nahi izanez gero”, azaldu du. Aipatutako helburuez gain, urte osoan sarea josten jarraitu nahi dute euren elikagaiak eskoletan zein enpresetan egon daitezen egunerokotasunean.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.