Ikurrinari buruzko mozioa landuko du Udalbatzak
Lazkaoko Udalbatzak urriko osoko bilkura egingo du, gaur 19:30ean, udaletxean. Espainiako bandera ezartzeko aginduaren aurrean, EH Bilduk ikurrinaren aldeko mozioa aurkeztuko du. Taxien tarifa aldatzea, zerga ordenantza aldatzea, eta Iturgaitzagako nahiz Kanpandegiko biribilguneen obren egiaztagiriak onartzea dira beste gaiak.
EH Bilduk aurkeztutako mozioak dioenez, Espainiako bandera azaroaren 16an jartzeko aginduaren aurrean, “Euskal Herria nazio gisa aitortzen dugunontzat gure ikurrak, eta bereziki ikurrina, gure herriaren existentzia, historia eta eskubideen eta askatasunaren sinboloa da”. Horri Espainiako Gobernuak “berebiziko garrantzia” eman diola ohartarazi du Bilduk, “eta lehentasunezkoa bihurtu du espainiar bandera Hego Euskal Herrian derrigortzea, nahiz eta badakien gatazka eta talka sortzen dituen ikurra dela”. Ikurrinak “Euskal Herri osoa eta euskal gizartearen gehiengoa batzen” dituela dio; aldiz, Espainiako banderak “inposaketa, errepresioa eta erabakitzeko dugun eskubidearen ukazioa” irudikatzen du.