Jentilak bizi dira oraindik
Torto begibakarra, Sanmartin Txiki azeria, Basajaun, Marimunduko, Zezengorri, Sugaar, jentilak eta sorginak… Izaki mitologikoak Ataunen elkartuko dira, berriz, igandean. Jentilen Etorrera antzerkia egingo dute Jentilbaratza kultur elkarteko kideek, bi urtean behingo koreografia. Torto elurretan larri izenburuko istorioa prestatu dute. Aurretik, urtero bezala, kale ibilaldia egingo dute, 18:30ean hasita, San Martingo plazatik hasi eta Auzoeta kiroldegira, antzezlanaren tokiraino.
Ataunek eta mitologiak eskutik helduta jarraitzen dute. Aro modernoan inoiz baino sendoago eta biziago, agian. Joxemigel Barandiaran, Joxe Arratibel eta Joan Arin (Don Joan Txiki) biltzaileek eta ikertzaileek jasotako kondairak errealitatearen esparruan bizi dira Ataunen. Geroz eta dimentsio handiagoa hartzen ari da, gainera.
Jentilbaratza elkartea 2012an eratu zuten. San Martin festen aurreko ikuskizuna urte osora zabaldu dute. Publiko aldetik oso arrakastatsuak izan diren Gaueko Ibilaldi Mitologikoak burutu dituzte iazko eta aurtengo udan, 700 lagunen aurrean. Barandiaran Museoarekin elkarlanean, Lizarrustiko parketxetik ere txango girotua egin dute, irailean. Horrez gain, museoaren eskaintzaren barruan elkartearen lana ikusteko aukera zabaltzen ari dira, taldeentzat edo eskolentzat, formatu txikiko ikuskizunekin.
Ataunek mitologia baliatu behar zuela «garbi» ikusi dute Jentilbaratzakoek. «Herri bakoitzak du bere gaia. Ataunen kasuan, garbi geneukan. Begien aurrean eduki dugu, eta nahiz eta askotan kostatzen den konturatzea, hor dago Barandiaranen, Arratibelen edo Arinen lana; beti egon dira baserrietako sukaldeetan ipuinak, legendak. Museoa ere hor dugula, Ataun mitologiarekin lotzen da momentu honetan hemendik kanpora. Gu ahal den guztia ari gara horren inguruan lanean, hori zabaltzeko», dio Tomas Erauskinek, Jentilen Etorreran Tortoren papera duenak.
Hiru pausoko transmisioa
Jentilbaratzeko kide Joxe Arrondok —Sanmartin Txiki; bera da 1981etik gaurdaino antzezlan guztietan parte hartu duen bakarra— etxetik jaso zuen mundu miragarriaren oihartzuna. «Aitajaun zenak kontatzen zizkigun kontuak. Esate baterako, etxeari hiru buelta ematen baldin bagenion geratu gabe, Sugaar azalduko zitzaigula esaten zigun. Badaezpada ere, hiru buelta ematerako geratu egiten ginen». Hain zuzen, Jentilen Etorreraren goiburu batek honela dio, antzinako esakundea bere eginez: Direnik ez da sinistu behar, baina ez direla ez da esan behar.
Ataunen eskolako umeek pertsonaia mitologikoekin ametsetan jolasten dutela ikusi du Erauskinek: «Ipuin guztiak dakizkite. Euren artean jolasean ibiltzen dira, ‘ni Torto naiz, eta zu Marimunduko’ esanez. Poz handiena horrek ematen dit, aurrera segitzeko —Erauskin ere hasieratik dabil, soldadutzagatik bi ekitaldi galdu baldin bazituen ere—. «Ikusten dugu herriko umeak ari direla mezua jasotzen; eta, behin hori jasoz gero, transmisioa eginda dago. Hori da guretzat garrantzitsuena».
Sinesmen zaharren, mundu ikuskera antzinakoaren eta ipuin mitologikoen transmisioa gaur arte irits zedin, ezinbestekoa izan da Ataungo biltzaile-ikertzaileen lana. Baina urrats gehiago ere egin dituzte geroztik. «Aurrena, zorte handia izan genuen gai horiek jasotzeko jende bat izan genuelako. Gero, zubi-lana egiteko izan dugu beste jende bat; eta, orain, gu ari gara hori zabaltzen».
Hiru aldi horiekin, Jentilen Etorrera ekimenak etorkizuna eroso dauka. Gazteak trumilka prestatzen dira kale ibilaldian parte hartzeko, sorginez edo jentilez jantzita —antolakuntzak saldu edo errentan ematen ditu larru-jantziak—. Antzerkirako, aldiro pertsonaia berriak sartzen dituzte, eta beherakada une bat izan zen arren, irten nahi duten guztiei kabida ezin emana da orain arazo.
«Azkeneko urteetan, hogei urte inguruko gazteen artean, eta hortik beheragokoetan, umeak, bultzada handia ikusten da. Niri poz handia ematen dit horrek. Urtetan aurrera goaz gu, eta ez gara betiko hor. Poz ikaragarria eta aurrera pixka baten oraindik segitzeko ere indarra ematen dit», dio Joxe Arrondok.
Igandeko antzezlanean, esate baterako, lau belaunalditako ataundarrak elkartuko dira oholtzan. «Batzuk jubilatuak, besteak 40-60 urte artekoak, bestetzuk 20-40 tartekoak, eta baita eskola-umeak ere, lauzpabost urtetik hogeirakoak. Hori bai dela herrirako oso aberatsa. Lotura, elkar ezagutzea eta elkarrekin lana egitea aberatsa da», dio Erauskinek.
Jentilen Etorrerak bi zati izango ditu, aurten. Aurrena, kale ibilaldia, 18:30ean hasita, San Martingo plazatik kiroldegira. Beti ere eguraldiaren baimenarekin; 2011n eta 2009an ezin izan zuten burutu, euri jasengatik. Kale-argi guztiak itzaliko dituzte, eta etxeetara banatutako farolak eta jentil-sorginen zuziak piztuta, giro berezia sortuko da.
Jarraian, Auzoeta kiroldegian Torto elurretan larri antzerkia antzeztuko dute, Joxe Arratibelek jasotako ipuin batean oinarrituta. Guztira, 120 bat ataundarrek parte hartuko dute, bietan.
Ataundarrek mitologia bizirik dagoela erakutsiko dute, etorkizuneko mitoak ondu bitartean.