Ner Groupek bertan behera utzi du txirrindulari taldea hartzeko proiektua
Ner Group euskal enpresa taldeak ez du Continental mailako txirrindulari talderik sortuko. Prentsa ohar labur baten bidez, atzo azaldu zuen Euskadi Fundazioarekin zituen harremanak eten egin dituela, proiektu horren inguruan. Ner Groupek esan du Euskadi Fundazioaren lehendakaritzak moztu duela negoziazioa, “Fundazioaren etorkizuna koordinatzekoa, giza garapen justua eta jasangarria txertatuz, haurren, amateurren eta Continental mailakoen txirrindularitza herrialdearen neurrira zabaltzeko”.
Erabaki horrekin, talde horretan aritzekoa zen Garikoitz Bravo lazkaotarraren etorkizuna ere airean geratu da. Akordiorik sinatu gabe ziren arren, txirrindulariak berak baieztatu zuen “tokia” izango zuela proiektuan. Jon Odriozola oñatiarra zen zuzendari izatekoa.
Ner Groupek gaineratu du urrats hori egiteagatik zoriondu zituzten pertsona “asko” atsekabetzea “sentitzen” duela. “Baina erabakia errespetatzea beste aukerarik ez dugu”, dio. “Helburu sozial garbia” duen proiektuak babesten “beti” jarraituko duela dio Ner Groupek.