Santu guztien etorrerarekin, loreen feria
Azaroaren lehenaren aurreko feriek izan ohi duten itxuran joan zen atzokoa; asteroko lora saltzaileek eskaintza berezia zuten eta apartekorik ere etorri zen, postua Santa Maria kaleko izkinan kokatuz. Norberaren gustu eta poltsikoaren arabera, aukera handia da: 10 eurotik gorako lore bizietatik hasi eta 90 euro inguruko lore moztuekin egindako zentroetara. Elkarrekin hizketan ari ziren berezo eta saltzaileeen arteko etengabeko gaia zen: «urtean behinekoa da eta horretantxe emango dugu, baina aurten krisiak izango ote du honetan ere eraginik?». Atzokoa saldu eta enkarguak jasotzeko eguna izan zen. Azken urteetako ohitura jarrraituz, lore saltzaile askok ostiralean hilerrietara bertara eramango dituzte aurretik jasotako eskariak nahiz bertan sortuko direnak.
Onddoentzat giro aproposa
Azken egunetako eguraldi bustia lagun, espezie mikologikoak ugaritu dira, eta onddoak postu askotan ikusi ditugu. Lasaren postuan zeudenekin batuz, garaiko kopururik handiena batu da. Inguruetan aurkituak 90 bat kilo, eta Galiziatik nahiz Frantziatik ekarritakoa batuz, 450 kilo baziren; gorringo, gibelurdin, saltsa perretxiko beltza eta esnegorria ere aukeran.
Barazki eta frutetan azpimarragarri, gehienak erein gabe baldin badituzte ere, Baliarraindik Edurnek ekarri zituen lehen baratxuri freskoak, 10-12 zentimetrokoak, euroan salgai. Lehen Cabello de angel esanez ezaguna den kalabaza ere salgai zuen, batez ere postreak egiteko erabili ohi da. Sagarrei dagokionez, arbolatik zuzenean jasotako errezilak saltzen hasi dira, kiloa 3 eta 3,5 euro artean; baita fuji eta errege sagar txuria ere. Mizpirak pare bat postutan ziren, baina oraindik ere jateko gogorrak.
Artzainak hasi dira neguko arditegietara itzultzen, neguko lanak hastear. Lurgintzak eman digun informazioaren arabera etxez etxeko bilketan markatuko diren prezioak hilaren 8an erabakiko dituzte eta 18an hasiko da bilketa. Ordizian bertan astez aste gertatzen dena ez ezik prezio hauen berri ere emango dugu astero.
Nafarroatik ekarritako lehen orburuak (5 euroan dozena) eta kardoak (5 euro bakoitza) ere salgai ziren kanpoko produktuak saltzen dituzten plaza inguruko postuetan.
- Aste honetako prezioak