Urrelur, lurraren urrebitxiak Urretxun
Urrelur museoak antolatutako Mineralogiaren eta Paleontologiaren Astea bihar bukatuko da, Urretxun. Gernikako Arbola plazan eta Urrelur museoan bertan (Aizpuruenea kultur etxeko beheko solairuan dago, plazan), mineralen nahiz fosilen bildumak, nahiz meategietako jarduera ezagutzeko aukera dago. Haurrentzat jolasak eta jarduerak ere eskaintzen dituzte, karpako hondar piloan, meazulo erreplikan eta ur putzuetan urrea aurkitzeko.
Museoan, ohiko erakusketa iraunkorrez gain, Javier Aguadok eta Jose Vicente Casadok osatutako urre pusken eta formen erakusketa ere badago. Naturan urrea nola dagoen ikus daiteke, besteak beste. Gainontzean, ohiko bilduman mineralak eta fosilak beha litezke. Goierrin bildutako hainbat mea mota ere badaude, Mutiloako, Zeraingo, Legorretako, Urretxuko, Zumarragako nahiz Legazpiko meategietakoak.
Fosilen artean, zaharrenak aro kanbriarrekoak dira, duela 500 milioi urtekoak. Animaliak sortzen hasi ziren garaiko maskor eta oskol fosilduak daude. Fosil berrienak, berriz, kuaternariokoak dira, duela 2,5 milioi urte baino gutxiagokoak. Mamut, zaldi edo hartzen hortzak dira. Fosilizatuta daude, baina ez dute harri direnik ematen.
Bihar bukatuko da Mineralogia eta Paleontologia Astea. Museorako sarrera doan da.
Jarraian, Goierrin bildutako mea mota batzuen lagina.