«Ezin da ezer egin gabe geratu halako miseria ikusita»
Bokazioz lan egin duenaren irrika nabari zaio Jenny Cruzi (El Salvador, 1973) bere herrialdean argazkilari eta kazetari zeneko bizipenak kontatzen dituenean. Egun, Hazi ta Hezi familia enpresan dihardu, gurasoentzat eta umeentzat produktuak saltzen. Baina argi utzi du: bere barneko argazkilariak bizirik dirau.
Nolatan heldu zen El Salvadorko argazkilari eta kazetaria Ataunera?
Nire asmoa Bartzelonan argazkilaritza maisutza bat egitea zen, eta bukatutakoan El Salvadorrera itzultzea. Baina ostalaritzan aritzeko kontratua lortu nuen, eta 2000. urtean Iruñera joan nintzen lanera. Gero, Mikel ezagutu neun, nire senarra, eta Ataunen geratu nintzen.
El Salvadorren, batik bat, argazkilari eta kazetari lanetan aritu zinen.
Komunikazioa eta Kazetaritza ikasi nituen Jose Simeon Erdialdeko Amerikako Unibertsitatean. Emaitza onak nituela eta, irakasle izateko aukera eman zidaten. Yvonne Berardi argazki- gintzako irakaslea falta izaten zenean, zalantzak argitzen nizkien ikasleei, eta, horrez gain, argazki laborategiko arduraduna nintzen. Pozik aritu nintzen lan hartan. Handik La Prensa Gráfica egunkarira joan nintzen. Argazkilaritzan ez zebilen emakumerik, eta egunkariko zuzendariak, hori aldatzeko, emakume argazkilari bat bilatzeari ekin zion, eta halaxe deitu zidaten. Denbora luzez, El Salvadorko emakume argazkilari bakarra izan nintzen.
Nolakoa zen zure eguneroko lana?
La Prensa Gráfica-n, eguneko gaiak aztertu, eta erreportajeak egiteko gaiak proposatzen genituen. Adibidez, behin, kartzelan zegoen adineko emakume baten kasua kontatu nahi izan nuen. Emakumea ehun gramo marihuana saltzeagatik zegoen preso, zenbait anputaziorekin, gaixorik, oso egoera txarrean. Beste batzuetan, ospitaleetara, Gurutze Gorrira edota Poliziara jotzen genuen, eta balaz zauritutakoren bat bazegoen, ikertzen hasten ginen istorio bila.
Eta El Diario de Hoy egunkarian?
Hiru urtez lan egin nuen bertan, eta askatasun handiagoa genuen; erredaktore bakoitza zein gai lantzen ari zen ikusi, eta nork bere plana egin zezakeen; gustukoen zuen gaia aukeratu, eta horretan lan egin. Zenbaitetan, kaotiko samarra ere izaten zen hura.
Lan askori jarri zenizkion irudiak El Salvadorren, tartean Oscar Tenorioren Hijos de la Barbarie lanari. Unicefen Komunikazio Saria jaso zuen zuen lanak, eta ohorezko aipamena zuk. Nolako lana izan zen?
El Salvadorren arma ugari dago, edonork izan baitezake arma bat. Futbol partidaren bat dagoenean edota Gabonetan, kasurako, jendeak airera tiro egiteko ohitura handia du. Bala galduek, baina, haur asko eta asko zauritu dituzte El Salvadorren, eta lan horretan gai hori jorratu genuen.
Zer izan zen sari hura zuretzat?
Egiten ari nintzen lanaren eta esfortzuaren esker ona. Gainera, esan bezala, ia ez zebilen emakumerik lan horretan, diskriminazioa itzela zen. Horregatik, sari horrek berebiziko garrantzia izan zuen, emakumeok ere, gizonen modura, lan hura egin genezakeela agerian utzi baitzuen.
Bokazioa da zurea.
Benetan atsegin nuen zerbait egiten nuen. Lan hura ez zen niretzat soldata lortzeko lan soila, ez nuen horrela ikusten. Kalean lan egiten nuen, eta oso zoriontsu nintzen. Izan ere, kalean lan eginda ikaragarri ikasten da. Hara eta hona joateko gai izan behar duzu; zeure burua zaintzen irakasten dizu kaleak, baita besteei laguntzen ere. Gogoan dut, adibidez, San Vicenten izandako lurrikara. Sarraskiaren erdian, familia bati erreparatu genion. Gurasoak hil egin ziren, eta haurrak eta amona elkarri besarkatuta zeuden, negarrez. Argazkia atera, eta han geratu nintzen eurekin, kontsolatu nahian. Mitch urakanaren hondamendian ere saiatu ginen teilatuetan zeuden familiei laguntzen, eta gu izan ginen azken erreskatatuak. Nahiz eta argazkiak ateratzera joan, azkenean gizatasun kontua da; ezin da ezer egin gabe geratu halako miseria ikusita, hainbeste heriotzaren aurrean. Odol usaina barneraino sartzen da, izugarria da. Egoera latzak ikusten genituen, eta geure buruari galdetzen genion nola bizi zitekeen jendea horrela. Gainera, zeukaten apurra eskaini egiten ziguten. Askotan desiratu nuen eurei emateko zerbait gehiago izatea.
Zure lanen artean bat nabarmentzekotan, zein nabarmenduko zenuke?
Errefuxiatu esparru batean neskatila bati atera nion argazkia. Panpina bat besarkatzen zuen, ez zeukan beste ezer. Miseriaz eta abandonuaz harago, haurra pozik zegoen. Lan hark zirrara handia eragin zidan, eta sari bat ere eman zidaten. Hijos de la barbarie lana ere nabarmenduko nuke. Bala baten erruz hanka galdutako mutiko bat oroitzen dut. Urtebete inguru zuen, eta artean oinez jakin gabe, abilezia handiz igotzen zituen eskailerak. Harrigarria zen bere bizitzeko gogoa.
Hazi ta Hezi enpresa sortu duzu Ataunen, umeei eta gurasoei zuzenduta. Aldaketa handia izan da?
Bai, hala izan da. Ama izan nintzenetik nire lehentasuna seme-alabekin egotea izan da, baina zerbait gehiago egin nahi nuen. Alaba gazteenak bi hilabete zituela, besoa hautsi nuen. Haurra soinean izan eta gainontzekoak zaindu ahal izateko motxila bat behar genuen, eta anaiak Kanadatik pare bat bidali zizkigun. Haietako bat Internetez saldu genuen, eta hala hasi zen guztia. Gero, antzeko zerbait gertatu zen anaiak bidalitako oihalezko fardelekin; gehiegi zirela eta, saldu egin genituen, eta, harrezkero, produktuak ekartzen eta ekoizten hasi ginen. Egun, produktu asko nik neuk egiten ditut emakume baten laguntzaz.
Aurrerantzean argazkilaritzarekin lotutako lanik egiteko asmorik baduzu?
Orain egiten ari naizen guztia argazkintzara bideratzea da asmoa. Argazki erreportajeak egin, eta Hazi ta Heziren webguneko blogean jarri nahi ditut. Badakit hemengo jendearen inguruko erreportajeak nire herrialdean publikatuko lituzketela, baina hori egiteko denbora behar da, eta orain ez nago prest denbora hori seme-alabei kentzeko. Edonola ere, oso barruan sentitzen dudan zerbait da.