Goierri garaian diabetea dutenak zein haien senideak biltzen ditu Urgadiel elkarteak. Datorren azaroaren 14an Diabetearen Nazioarteko Eguna da, eta, azken hamar urteetan bezala, Urgadielek gaixotasunari buruzko informazioa banatzeko zazpi mahai jarriko ditu Legazpin, Urretxun eta Zumarragan banatuta. Mahai horietan gluzemia probak ere egingo dituzte. Ekintza datorren igande goizean egingo dute.
Atzo Txerri Azoka ospatu zuten Mutiloan. Eguraldi bikaina lagun, jende asko gerturatu zen. Urteroko moduan, txerrikiak erosteko eta jateko aukera egon zen eta txerriak egon ziren ikusgai. Goizean zehar, txerria erre zuten, txerrikiak salgai jarri zituzten, txerri erakusketa egon zen, odolkia eta txorizoa dastatzeko aukera egon zen, urdaiazpiko mozte erakusketa egin zuten eta moztutako urdaiazpikoa dastatzeko eman zuten. Gainera, haurrek gurdian ibiltzeko aukera eduki zuten.
Ataun San Martinen atzo antzeztu zuten bi urtean behingo Jentilen Etorrerako antzerkia. Auzoeta kiroldegian ordubete inguruko antzezlana egin zuten ataundarrek, Jentilbaratza kultur elkarteak antolatutako ikuskarian. Aurtengo gaia, herritar batek Tortori egindako trikimailuaren inguruan landu dute, "Mielek eta Tortok, Muski inguruko lurrekin nor jabetu erabakitzeko. Miel zuhurrak tranpa egiteko asmoa zuen, Sanmartintxiki horretaz jabetu eta Torto abisatzera doala leizera erortzen da. Beraz, apustuan, Torto inoxentea Mielen trikimailuan erori eta labanaz sabela irekitzen du, eta bertan hiltzen da", kontatu dute antolatzaileek.