«Gehien kontsumitzen ditugun zenbait elikagaik alienatu egiten gaituzte»
IV. Goierri Ekologikoa ekimenaren barruan, Garbiñe Etxaniz (Beasain, 1977) sukaldaritza makrobiotikoari buruzko ikastaroa eskaintzen aritu da urriko larunbatetan. Etxaniz itzultzailea da lanbidez, goi mailako itzulpengintza eta interpretazio ikasketak egin zituen Las Palmasen (Kanariar uharteak). Itzultzaile gisa aritu bada ere, gaur egun makrobiotikaren munduan sartuta dabil. Aurrera begira itzultzaile gisa berriz arituko den ala ez, ez daki. Une honetan makrobiotikak «gehiago betetzen» duela dio, batez ere, «beste batzuei laguntzeko» baliagarria izan daitekeelako.
Zer da makrobiotika?
Elikaduraren bitartez gure bizitzan oreka bat bilatzen lagunduko digun tresna da. Ying eta yang-aren kontzeptuak ditu oinarrian, eta behin horiek barneratuta unibertsoko edozein kontzeptu ulertu daitekeela esaten da. Elikaduratik hasita, gure bizitzara zabaltzeko bide bat da.
Noiz eta zergatik piztu zitzaizun makrobiotikarenganako interesa?
2005ean gaixotasun degeneratibo bat diagnostikatu zidaten: esklerosi anizkoitza. Medikuak esan zidan ez zuela sendabiderik, eta hortik aurrera gaixotasunak bi bide hartu zitzakeela. Bat onbera izatea eta bi agresiboa bihurtzea. Ordu hartan nik sendatu egin nahi nuela baino ez nuen buruan eta zerbaiten bila hasi nintzen, zer zen ondo ez banekien ere.
Eta makrobiotikaren egin zenuen topo.
Sena izan zen, bihozkada bat. Egunkarian sukaldaritza makrobiotikoari buruzko ikastaro baten iragarkia ikusi nuen, eta orduan jakin nuen hura zela jarraitu nahi nuen bidea, eta izena eman nuen.
Aurretik ba al zenekien zerbait makrobiotikaz?
Ideia bat baneukan. Banekien elikadura terapia gisa erabiltzen dela makrobiotikan. Nik gorputzean sartzen nuen zerbaitek kalte egin zidala garbi nuen. Horregatik, norbaitek kalte egin zidan hori zer zen esatea eta ondo elikatzen erakustea nahi nuen.
Nolakoa izan zen lehenengo esperientzia hura?
Oso estresagarria izan zen, batez ere nire egoera pertsonalagatik. Makrobiotikaren oinarrian dagoen filosofia ezezaguna da guretzat, ekialdetik dator. Horregatik, zaila egin zitzaidan, batez ere, zer zen ulertzea. Prestatzen genituen platerak errazak ziren, baina makrobiotika ez da soilik errezetak ikastea. Behin ikastaro hura amaituta, gehiago sakontzeko eta ikastaro gehiago egiteko beharra sentitu nuen.
Zer da ordutik hona makrobiotikari buruz ikasi duzuna?
Makrobiotika ulertzeko modua aldatuz joan da denborarekin. Berez, Japoniatik datorren filosofia da, gizarte oso matxista batetik, alegia. Orain urte batzuk arte, joera orokorra dena yangizatzea (energia maskulinoari dagokiona, yang) zen, eta ying-arekin zerikusia zuen guztia (energia femeninoa) gaizki ikusita zegoen. Baina gaur egungoak ez dauka zerikusirik garai batean iritsi zitzaigunarekin. Makrobiotika oso modu zabalean ulertu behar da, eta pertsona bakoitzari egokitu behar zaio.
Makrobiotika ulertzen hasteko, zer da lehenengo ikasi behar dena?
Makrobiotikaren oinarrian hiru gauza hartu behar dira, batez ere, kontutan. Batetik, non bizi garen eta zer klima daukagun. Bestetik, zer jaten dugun jakitea. Eta, amaitzeko, bertakoa eta garaian garaikoa jatea, izan dadila biologikoa eta ahal den naturalena. Hori guztia aintzat hartuta, makrobiotikak elikagai horiek nola konbinatu erakutsiko digu, gure gorputza ahalik eta osasuntsuen mantentzeko. Jakiak prestatzeko modu ezberdin bat erakusten du.
Dena den, lehentxeago esan duzunez, makrobiotika ez da elikatzeko modu bat bakarrik.
Ez. Izan ere, ditugun pentsamenduen eta emozioen kalitateak ere badu eraginik gure gorputzarengan. Pentsamendu eta emozio txarrek elikadura txar batek bezain besteko kaltea egin diezaiokete gure gorputzari. Elikadura aldatzen duzunean gauzak aldatu egiten dira zure barnean, ez bakarrik gorputzari dagokionean, baita alde emozionalari dagokionean ere. Batak bestea dakarrela uste dut. Elikadura eta emozioak kontutan hartuta oreka bat bilatzea da, azken finean, helburu nagusia.
Hori da zuri gertatu zitzaizuna?
Nire esperientzian oinarrituta esan dezaket elikadura aldatu nuen momentuan beste pertsona bat bihurtu nintzela. Beste interes batzuk piztu zitzaizkidan nire barnean. Horrek norberaren barrua ezagutzeko bideak errazten ditu. Munduan gehien kontsumitzen diren zenbait elikagaik alienatu egiten gaituzte, azukreak, irin zuriak, kafeak, haragi gorriak… Horiek kontsumitzeari uztean lasaiago sentitzen zara, baketsuago egiten zaitu.
Zeintzuk dira, hortaz, makrobiotikaren arabera jan behar ez diren elikagaiak?
Makrobiotikan ez zaio inori esaten zer ezin dezakeen jan. Makrobiotikaren oinarria jaten dugun horren gaineko informazioa helaraztea da, hau da, kontsumitzen dugun horrek gure gorputzean zein ondorio uzten dituen jakitea. Ondoren, informazio hori eskuan, norberak erabaki beharko du zer jaten duen eta zer ez. Erabakitzeko askatasun hori izatea oso garrantzitsua da.
Ying eta yang-aren kontzeptuek zer zerikusi dute elikagaiekin?
Makrobiotika marra bat bezala irudikatzen badugu ying elikagaiak daude mutur batean eta yang elikagaiak beste batean. Ying energia oso hedakorra da, eta yang energia, aldiz, barnerakoiagoa. Kafea, esaterako, oso ying da, are gehiago esnearekin eta azukrearekin nahastuta hartzen denean. Nerbio sistemara joaten da zuzenean, muturreko sustantzi bat da, eta gorputzean desoreka handia sortzen du.
Haragi gorriaren kasuan, zer eragin dauka gorputzean?
Jaten dugunean ez gara elikatzen bakarrik ari, informazioa ere sartzen dugu gorputzera. Haragi gorriaren kasuan, adibidez, animaliaren sufrimendua ere barneratzen dugu, ikuspegi energetikotik begiratuta. Fisiologikoki, aldiz, animali bat hiltzen den momentutik bere haragia usteltzen hasten dela esaten da. Haragi hori gorputzera sartu eta botatzen dugun arte 4-5 egun pasatzen dira. Bitartean haragi hori gure esteetan ustelduz doa usteldura sortuz.
Adibide batzuk baino ez dira.
Gaizki elikatzen garen momentutik gure odola ez da kalitate onekoa, eta odola jaten dugunaren arabera sortzen doa. Gure gorputz osoan dabilen sustantzia da. Horregatik, odola txarra bada organoak gaixotuz joatea saihestezina da.
Makrobiotika gaixotasunak prebenitzeko edo horiek sendatzeko gai al da?
Makrobiotikak zenbait gaixotasun sendatzeko edo arintzeko balio dezake, minbizia, adibidez, edo nire kasuan bezala esklerosi anizkoitza.
Zure kasuan ze hobekuntza nabaritu dituzu?
Gaixotasuna diagnostikatu eta hiru agerraldi izan nituen. Azkena oso gogorra izan zen. Eskuineko alde guztia paralizatuta gelditu zitzaidan, ezkerreko begitik doble ikusten nuen eta belaunetik behera ezkerreko hanka ez nuen sentitzen. Elikadura aldatu dudanetik ez dut beste agerraldirik izan eta inoiz baino osasuntsuago sentitzen naiz.