Lazkaoko udal tasa gehienak %1,9 igoko dira
Lazkaoko Udalak KPI Kontsumorako Prezioen Indizearen aurreikuspenari dagokion %1,9 igoko ditu 2014rako udal zergak eta tasa gehienak. Aurreko ostegunean onartu zuen Udalbatzak zerga araudia, Bilduren aldeko botoekin eta EAJren eta PSE-EEren abstentzioarekin.
Orokorrean, zerga gehienek %1,9ko igoera izango dute, Ogasuneko zinegotzi Kepa Goenaga azaldu duenez. Hala ere, zenbait atalek 2013ko prezio beretan jarraituko dute: ondasun higiezinen gaineko zerga, ekonomi jardueraren ingurukoa eta hiri-lurren gainekoa, adibidez. Trakzio mekanikodun ibilgailuetan, potentzia fiskal txikienekoei ez diete igoko; taularen erdiz gorakoei —zaldi fiskal gehien dituztenei— KPIaren balioa erantsiko zaie.
Etxebizitza hutsen errekarguari dagokionez, lau salbuespen jarriko ditu 2014an udalak. Ez diete gainsaria kobratuko menpekotasun kasuan daudenei, etxebizitza bakarra denean, ekonomi jarduera duen etxebizitzetan edo alderdi politikoen egoitza diren bizitzei.
Taxien tarifei ere KPIren igoera bera aplikatuko zaie. Aparte landu zen puntu hori, eta aho batez onartu zuten hiru taldeek.
Lazkao Lantzenentzat mailegu bat udalak eskatzea ere aho batez onartu zen, baita Iturgaitzagako biribilgunea eraikitzeko lanen azken likidazioa eta Kanpandegiko lanen ziurtagiria ere.
Uraren tasa 1,5 puntu gehiago
Udal tasen arloan ere, gehien-gehienei KPIaren 1,9ko igoera ezarriko zaie. Sail horretan sartu dituzte udal zerbitzuengatiko tasak, merkatukoak, hileta eta bestelako zerbitzuengatikoak edota kiroldegiko tarifena.
KPIren indizeari 1,5 puntuko gehikuntza egingo dioten tasa bakarra uraren, arazketaren eta saneamenduaren gainekoa izango da. «Gipuzkoako Ur Kontsortzioak udalari aplikatuko dion igoera egingo zaio herritarrari ere», azaldu du Goenagak.
Bestetik, udal zergak eta tasak ordaintzeko zailtasunak dituztenentzat, laguntzen araudia berritu egingo du udalak. Aldaketa «txikiak» egiteko asmoa du.
Bilduren aldeko sei botorekin onartu zen 2014rako zerga ordenantza. EAJk hiru arrazoi jarri zituen, babesa ez emateko. Legealdirako zer lehentasun izango diren zehazteko eta talde politikoen arteko azterketa egiteko eskaerak erantzunik ez duela jaso; ekonomiari laguntzeko «ezer ez» dela aurreikusi; eta zabor bilketan kostu erreala «bikoiztu» egingo dela, baina tasetan ez dela islatzen argudiatu zuen EAJko bozeramaile Inazio Estensorok.
PSEk ere zabor bilketagatiko tasak «irrealak» direla leporatu zuen, eta diru sail batzuetan tasak orain arteko baloreetan mantentzeko «ahalegina» ikusi duela aitortu arren, negozioen sorkuntza eta irekiera «mimo askoz gehiagoz» landu, eta igoerarik ez luketela izan behar esan zuen PSEko Juan Manuel Sernak.