Mineral, fosil eta harribitxien azoka egin da asteburuan Urretxuko Ederrena pilotalekuan XXVI. Mineralogia eta Paleontologia astearen baitan. Guztira, Euskal Herriko eta Espainiako 34 bildumagilek hartu dute parte azokan, eta bertan mineralak, fosilak eta harribitxiak erosteko, trukatzeko eta ikusteko aukera izan da. Azokan aurkitzen diren pieza gehientsuenak naturan aurkitu bezala erakusten dira; gutxiengoak dira landutakoak eta hori da azoka honen berezitasuna.
Ion Telleria eta beste 40 gazteren kontrako epaiketa egiten ari dira Madrilen, ezker abertzaleko gazte erakundeen kontrako auzian. Hari elkartasuna adierazteko, Libre Eguna egin zuten Idiazabalen; horrekin batera, dozenaka herritarrek animo mezuak bidali nahi izan dizkiote Telleriari. Mezu horiek denak bildu dituzte Idiazbalgo Ernaik zabaldu duen bideo honetan.
Mendizalearen Hiztegia Ostadar Mendi Astearen baitan aurkeztuko dute, azaroaren 19an, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Jonmikel Intsausti Zumarragako eta Urretxuko Ostadar mendi taldeko kidea da hiztegiaren koordinatzailea. Intsaustik mendizaletasuna eta informatikari ofizioa uztartu ditu Mendizalearen Hiztegian; sei mila terminoren adierak bildu ditu Ostadarreko kideen, Zintzo Mintzoko lagunen eta mendiarekin lotutako hainbat esparruko adituen laguntzarekin.