Kaleko zakarrontzien bilketa egiteko ibilgailu elektriko berria du Ordiziako Udalak
Uztailaren 12an atez ateko hondakin bilketa sistema hastearekin bat, kalean gaikako bilketa egiteko zakarrontziak jarri zituen Ordiziako Udalak herriko kaleetan. Sistema zaharrarekin bilketa egokia ezin zutela egin ohartu ziren langileak. Horregatik, zakarrontzietako hondakinen bilketa egiteko ibilgailu elektriko berria erosi du udalak; astelehenetik ostiralera, egunero jaso ahal izango dituzte udal langileek kaleko hondakinak. Asteburuetan nola egin aztertzen ari dira oraindik.
Urrian zehar hiru asteko probaldi bat egin ondoren, aste honetan hasi dira ibilgailu elektriko berria erabiltzen. Gaur goizean eman ditu ibilgailu berriaren gaineko xehetasunak prentsaurrean Iban Asenjo Mugikortasun eta Garapen Iraunkorreko zinegotziak, Igor Eguren alkatearekin eta bilketarako ardura duten udal langileekin batera.
Zerbitzuen sektorean eskarmentu handia duen Gipuzkoako enpresa bati erosi dio ibilgailu elektriko berria Ordiziako Udalak, 18.735 euroan. Gainera, eredu iraunkor baten alde egitea erabaki eta erosi dutena ibilgailu elektrikoa izan da. Asenjok aipatu duen gisan, ibilgailuak ez du erragi fosilik behar izango. “Inbertsio berri honekin garapen iraunkorraren alde, eta herri garbi eta hobeago baten alde egiteko duen konpromisoan berresten da Ordiziako Udala”, esan du Asenjok.













