Txirrindularitzari buruzko I. Jardunaldia antolatu du azaroaren 11, 12 eta 13rako Goierri kirol elkarteko txirrindularitza sailak. Taldeko arduradun Aitor Salaberriak zehaztu duenez, «formazio aldetik badago behar bat taldean» eta bestetik, denboraldia amaituta neguan txirrindularitzari lotutako ekintza gutxi dagoenez, garai egokia iruditu zaie jardunaldia antolatzeko.
Uztailaren 12an atez ateko hondakin bilketa sistema hastearekin bat, kalean gaikako bilketa egiteko zakarrontziak jarri zituen Ordiziako Udalak herriko kaleetan. Sistema zaharrarekin bilketa egokia ezin zutela egin ohartu ziren langileak. Horregatik, zakarrontzietako hondakinen bilketa egiteko ibilgailu elektriko berria erosi du udalak; astelehenetik ostiralera, egunero jaso ahal izango dituzte udal langileek kaleko hondakinak. Asteburuetan nola egin aztertzen ari dira oraindik.
Zumarragako Udalak 30 urtez antolatutako Buzkantza Lehiaketa dastaketa eta salmenta izango da aurtengoan, bide batez, izena ere aldatu dute eta Buzkantzaren Eguna izango da azaroaren 17koa. Aurreko urteko lehiaketan lau ekoizlek baino ez zuten parte hartu, eta kultur zerbitzutik adierazi dutenez, «lehiaketa egiteko gutxieneko parte hartzaile kopuru bat behar genuela eta, aurten dastaketa egitea erabaki dugu». Zumarragako Udalaren asmoa, hala ere, etorkizunean lehiaketa egiten jarraitzea da.