Modako itzultzaileen etxean
Mendigurenek eta Turtle-k Bilbon ezagutu zuten elkar, 1972an, erlijioari esker. Harrigarria bada ere, eliza protestante batean topo egin zuten: Turtle ingelesa da eta Mendiguren, ordurako, protestantea zen. «Erlijioa gustuko gaia nuen. Donostian eliza protestante bat ikusi nuen eta, jakin-minak jota, sartu egin nintzen. Artzain jator batekin topo egin nuen, berak emandako azalpenak gustatu egin zitzaizkidan eta protestante egin nintzen. Gurasoak buruz irekiak ziren eta ondo hartu zuten. Protestantismoan erantzukizuna norberarena da eta hori gustatu zitzaidan», azaldu du.
Turtle-k Filologia alemaniarra eta espainiarra ikasi zituen Bradford-eko unibertsitatean. Ikasle garaian Bilbora joan zen gaztelania hobetzera. Mendigurenek, berriz, Historia ikasi zuen Deustuko unibertsitatean. «Ingelesez ez nekien oraindik, baina asko hitz egin gabe ondo konpontzen ginen», esan du Mendigurenek.
Turtle-k ikasketak bukatu bezain azkar, elkarrekin joan ziren bizitzera. Garai hartan ez zen batere arrunta bi ezkongabe elkarrekin bizitzea. Ondoren, zibiletik ezkondu ziren. Hori ere ez zen ohikoa. Hasieran Bilbon bizi izan ziren, ondoren Arrasaten eta egun Ezkio-Itsason. Elkar ezagutu ondorengo lehen urteetan gazteleraz hitz egiten zuten elkarrekin eta egun euskaraz bakarrik.
Biak irakasleak izan ziren eta, egun, itzulpengintza dute lanbide bakarra. Turtle-k ingeles eskolak eman zituen. «Egunero Ezkiotik Arrasatera joan behar nuen eta Iñakik itzulpengintzan murgiltzera animatu ninduen».
Mendigurenek Eskoriatzako irakasle eskolan lan egin zuen. «Hasierako giroa bikaina zen, baina grinak behera egin zuen eta pixkanaka itzulpengintzari garrantzia handiagoa eman nion».
Turtle-k eguneko albiste nagusiak ingelesera itzultzen zituen Euskaldunon Egunkaria eta Berria egunkarien ingelesezko ediziorako. Egun, euskaratik edo gaztelaniatik ingelesera itzultzen du, besteak beste, Elhuyar, Mondragon Unibertsitatea eta Kutxabank-entzat. «Euskaratik ingelesera itzultzen duen oso jende gutxi dago», dio senarrak.
Mendigurenek makina bat sari irabazi ditu bere sorkuntza eta itzulpen lanengatik. Cafe Iruña-Baque saria irabazi zuen Haltzak badu bihotzik eleberriarekin eta itzulpeneko Euskadi saria Harry Potter eta sekretuen ganbera liburuarekin. «Itzulpen lanik badago, ingelesetik euskarara da. Normalean, ez dute gaztelaniatik itzultzen. Horrek asko lagundu dit».
Literatur lanak elkarrekin itzultzen dituzten arren, Tom Sawyer-en abenturak liburuaren itzulpena da elkarrekin sinatu duten lehena. Hori dela eta, ilusio berezia egin die nobela horrekin Euskadi saria irabazteak. «Idazleak erabiltzen duen ingelesa dela eta, itzultzeko liburu zaila da, baina Iñakiri ez nion ezer esan», azaldu du Turtle-k.
10 urte Harry Potterrekin
Elkarrekin lan egiten dute, Ezkio-Itsasoko euren etxeko gela batean, Huntz txakurraren begiradapean. «Itzulpen lana bukatzen dudanean, Sarah-ri audientzia eskatzen diot zalantzak argitzeko. Lanik gogorrenetakoa Harry Potter bilduma izan zen. 10 urte eman nituen lanean eta hernia diskala eragin zidan. Argitaletxetako itzulpenak oso politak dira, baina ardura handiarekin lan egin behar da, haurrei zuzendutako lanak baitira». Horra hor, Euskadi sariaren sekretua.